Ondasun publikoen ebasteak segitzen du eskubide sozialak ukatzen diren bitartean

2017/03/30
Kutxabankek saldu zion Neinor enpresa A.E.B.etako inbertsio funts bati. Prezioa 930 milioi euro izan zen eta salmenta duela bi urte eskas burutu zen. Atzo Neinor burtsara atera zuten 1.300 milioi euroan, eta lehen ordua igaro bezain laster 1.430 milioi eurora igo zen. Beraz, Kutxabankek jarri zion prezioa baino 500 milioi euro gehiago.

Bi enpresek jatorri publikoa dute baina beste ezaugarri berberak ere badituzte: herritarrentzako oinarrizko zerbitzuak eskaintzen dituzte (energia eta etxebizitza) eta biak pribatizatuak izan ziren orain duten prezioaren oso azpitik.

Lehen kasuan, Eusko Jaurlaritzak energia sektoreko hainbat enpresa publiko elkartu zituen Naturgas sortzeko eta oso prezio murritzean tasatu zuen pribatizatzeko. 2003an Josu Jon Imazek (egun Repsoleko kontseilari nagusia) hasi zuen eragiketa ilun eta polemikaz betea. Informazio asko ez badago ere, ezaguna da Eusko Jaurlaritzak iazko uztailean Naturgasen zuen azken %5 saldu zuela 33 milioi eurorengatik. Hortaz, enpresa osoa 660 milioi eurotan baloratu zen 2016aren erdialdera. Aste honetan, ordea, enpresa osoa 2.600 milioi euroren truke saldu da, ia 2.000 milioi euro gehiago.

Bigarren kasuari dagokionez, Kutxabankek saldu zion Neinor enpresa A.E.B.etako inbertsio funts bati. Prezioa 930 milioi euro izan zen eta salmenta duela bi urte eskas burutu zen. Atzo Neinor burtsara atera zuten 1.300 milioi euroan, eta lehen ordua igaro bezain laster 1.430 milioi eurora igo zen. Beraz, Kutxabankek jarri zion prezioa baino 500 milioi euro gehiago.

Bi eragiketa hauekin, euskal alor publikoak politika estrategikoak egiteko aukera galtzeaz gain, baliabide ekonomiko oso garrantzitsuak eskuratzeko aukera galdu du. Eta, ez hori bakarrik, espekulatzaileei eman die gizartearentzako eta bizi kalitaterako funtsezkoak diren zerbitzuen prestazioa.

Hori gertatu bitartean eta Neinor burtsara atera zuten Bilboko Burtsatik metro gutxi batzuetara, kolektibo ezberdinetako pertsonak gose greban eman zuten seigarren egunez. Eta horrela jarraituko dute eskubide sozialetan eman diren murrizketak atzera bota arte. Gainera, gizarteari dei egiten diote larunbat honetan, apirilak 1, 17:30etan Bilbon ospatuko den manifestazioan parte hartzeko.

Agintariek esaten dute ez dagoela dirurik gizarte prestazioetarako eta horien baitan ematen den iruzurra erraldoia dela. Errealitatea kontrakoa da: dirua badago, baina espekulatzaileen esku uzten dute.