Mitxel Lakuntza: “Euskal Herriko errealitatea kontuan hartu behar du gutxieneko soldatak, eta 1.400 eurokoa ezarri”

2022/12/21
Mitxel Lakuntza: “Euskal Herriko errealitatea kontuan hartu behar du gutxieneko soldatak, eta 1.400 eurokoa ezarri”
Inflazioa apaldu bada ere, handia izaten jarraitzen duela oroitarazi du Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak Euskadi Irratian. Horregatik, pobretze faseari aurre egiteko, “patronalak ezartzen duen blokearen estrategia” gainditu behar dela ziurtatu du mobilizazioen bidez. “Borrokatzen ez dena ez da lortzen”.

Horren adibide da Bizkaiko Metaleko egoera. Greba mugagabearen alde egin du idazkari nagusiak, “akordio on bat ekarri dezakeelako”. 20 bilera baino gehiago egin ostean, akordioa lortzeko borondate eskasa ikusten du patronalaren aldetik. Era berean, sindikatuen arteko gutxieneko adostasun baten alde egin du, “langileei esateko zeren alde borrokatu behar den eta non dauden marra gorriak”.

Bestalde, ziurtatu du Osakidetzako egoera arazo estrukturala eta planifikazio zein inbertsio falta dela. “Sagardui sailburuak ez du egia esaten, osasungintzara 220 milioi euro gutxiago bideratuko direlako”. Konponbidea benetako negoziazioa da, dioenez; besteak beste, behin-behinekotasunari buruz aritzeko, Osakidetzan %40koa izaki.

Erreforma fiskala dagokionez, ezkorra da ELAko idazkari nagusia.“Urkulluren eta Chiviteren politikak berdinak dira. Europa osoan gutxien ordaintzen dute hemengo enpresak, eta orain arte ez dute gaiaz aritu nahi izan”.

Gutxieneko soldataren aurrean, bi arazo daudela nabarmendu du Lakuntzak: kopuruz txikiegia da eta Espainian erabakitzen da. “Ez daukagu eskumenik horri buruz Euskal Herrian hitz egiteko, eta ondorioa da Madrileko erreferentziak hartzen direla. Euskal Herriko errealitatea kontuan hartuta, 1.400 euroko izan beharko luke”. Pentsioen erreformaren aurrean, ohartarazi du murrizketa baten aurrean gaudela, oso larritzat jo duena.

Gai horiek guztiak elkarrizketan, hemen: https://labur.eus/Lm34M