Sopelako udal langileek lan hitzarmen propioa aldarrikatu eta eurekiko errespetua eskatzen diote udal gobernuari

2013/04/10
Sopelako udal langileek lan hitzarmen propioa aldarrikatu eta eurekiko errespetua eskatzen diote udal gobernuari
Orain arteko lan baldintzak mantentzea aldarrikatzen dute langileek, udal gobernuarekin egin beharreko negoziazio prozesua erakundeko ordezkari sindikalekin gauzatzea eskatuz.

Azaroan abiatu zuten Sopelako Udal eta udal erakundeeetako lan baldintzak arautzeko hitzarmenaren negoziazioa. Udalhitz hitzarmenaren baliogabetasunaz jabetuta, lantokiko hitzarmenaren aldeko hautua egin zuten beharginek, ordura arteko baldintzak mantentzea helburu izanik. Udal Gobernuarekin negoziazio bilerak izan arren ez da adostu orain arteko baldintzak hitzarmenean jasotzerik. Blokeo egoera horren aurrean, udal langileek euren ordezkari sindikalei babesa eman eta udal gobernuari eskatzen diote hitzez adierazitako asmo onak gauzatu ditzala.

Lan baldintza duinak ez dira pribilejioak

Egungo egoeraz jabetuta, orain arte izandako baldintzak mantentzea besterik ez dute eskatzen. Udalhitz-en eta urteetan zehar udalarekin lortutako akordioetan oinarritutako lan baldintzak izan dituzte Sopelako udal langileek, berauen mobilizazioa gako izanik. Eta aurrerantzean ere hala izatea eskatzen dute; euren lan baldintzak pribilejio ordez eskubide direla aldarrikatuz. Krisiaren iturburua langileen lan baldintzak ez direnez, bestelako politikak aldarrikatu eta abian jartzea eskatzen dute.

Errespetua langile eta langileen ordezkariekiko

Horretarako, hauteskunde sindikal bidez langileek aukeratutako ordezkariak errespetatzea beharrezko deritzote. Udalak saiakera egin du legeak ahalbidetutako zirrikitua baliatuz langileen ordezkaritza (ELAko 7ordezkari) errespetatu barik Sopelan ordezkaritzarik ez duten beste sindikatuekin negoziazioa sustatzea. Udal beharginek ez dute ulertzen alkatetzak abian jarritako estrategia; politika partehartzailearen aldeko jarrera azaldu arren kontrakoa egiteko saiakera baita hori. Aurrerantzeko negoziazio prozesua Sopelan hautatutako ordezkarien bidez egitea eskatzen diote udal gobernuari, etiko ez deritzoten negoziazio bideak alde batzera utziz.

Azkenik gogoratzen dute, herriari kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko lan egiten dutela. Eta aurrerantzean ere hala izan dadin, udal gobernuari langileekiko errespetua izan dezan eskatzen diote.