ELAk grebara deitu du MercaBilbaon

2013/04/19
Fruta handizkarien eta arrain handizkarien patronalek ez dute onartu soldata-igoerarik, ezta erreformaren aurkako klausularik ere.

ELAk greba-deia egin du apirilaren 24, 25 eta 26 egunetarako, eta maiatzaren lehenetik aurrera greba mugagabea egiteko, MercaBilbaoko Fruta eta Barazkietako Handizkarien eta Arrain Handizkarien Probintzia Hitzarmenen eraginpeko enpresetan. Helburua: sektore horietako langileen lan-eskubideak zaintzea. Negoziazioaren bidez bi sektore horietako langileen lan-baldintza duinak mantendu nahi dira, baina patronalen egoskorkeriaz trabatu egin dira negoziazioak.

Azken hitzarmenaren indarraldia 2011ko abenduaren 31n amaitu zen, eta hitzarmenen aurrera-eragina uztailaren 7an amaituko da. Hori dela-eta, patronalek nahita atzeratu izan dute negoziazioa, hitzarmenerako plataforma iaz aurkeztu bagenien ere.

Izandako bilera apurretan, patronalek ez dituzte aztertu gura izan guk proposaturiko gaiak, eroste-ahalmena bermatzearen ingurukoa, eta sinatu eta gero hitzarturikoa betetzearen gainekoa. ELArentzat funtsezkoa da hurrengo bi puntu hauek ondo lotuta uztea: hitzarmenen aurrera-eragina, eta alde bakarretik hitzarmena salbuestetik blindatze-klausulak. Horrek ez dakarkie enpresei inolako kosturik; dakarren gauza bakarra hitzarmenak erreformaren aurretik bezala uztea da, berme berdinak edukitzea besterik ez. Halaber, ELAk zenbait hobekuntza eskatzen du soldatetan eta baldintzetan.

Argi dago patronalek Negoziazio Kolektiboaren 2012ko Erreforma aplikatu nahi dutela, eta horren aurrean MercaBilbaoko langileek planto egitea erabaki dute.

Horregatik guztiagatik MercaBilbaoko langile horiei ez zaie beste biderik geratzen greba egitea baino, lan-baldintza duin batzuen alde, eta beren hitzarmenetan oraindik dituzten bermeen alde.