Osakidetzak OPEaren deialdi publikoari eutsiz, uko egin dio 24.600 behin-behineko langile baino gehiago kontsolidatzeari

2021/11/11
Osakidetzak OPEaren deialdi publikoari eutsiz, uko egin dio 24.600 behin-behineko langile baino gehiago kontsolidatzeari
Osakidetzako Mahai Sektorialak gaur egin duen bileran, Osakidetzak beste urrats bat egin du lan eskaintza publikoaren deialdian, itxitzat ema baitu deialdia, Oinarri Orokorraren babesa ez izangatik ere (sindikatu bakar batek ere ez du onartu). Erabaki horrek %58 inguruko behin-behinekotasun tasa betikotzen du, eta plantillan dauzkan 24.600 aldi baterako langile baino gehiagoren kontsolidazioari bizkarra ematen dio. Langile horietatik 9.000 zortzi urte baino gehiago daramatzate behin-behineko kontratuekin lanean; langile horien %81 emakumeak dira.

ELAk azpimarratu du, beste behin ere, Osakidetzak martxan jarriko duen EPEak behinbehinekotasun tasak betikotzen dituela. Milaka eta milaka behin-behinekoek denbora emango dute hautaketa prozesua prestatzen eta parte hartzen, aldi baterako kontratazio zerrendetan sartzeko eta aldi baterako kontratuak kateatzen jarraitzeko; izan ere, eskainitako plaza kopurua ikusita, oso zaila da plaza finkoa lortzea.

Gainera, prozesu arrunt baten aurrean gaude, eta ez aldi baterako langileak kontsolidatzeko prozesu baten aurrean, urte asko baitaramatzate zerbitzu publikoa baldintza prekarioetan aurrera ateratzen. ELAk behin eta berriz eskatu du EPE hau bertan behera uzteko, harik eta Espainiako Kongresuan izapidetzen ari den lege proiektuaren irismena argitu arte. Helburua da plaza horiek aldi baterako langileak kontsolidatzeko benetako prozesu batean sartu ahal izatea. Beste administrazio batzuek, Gipuzkoako Foru Aldundiak adibidez, dagoeneko urratsak eman dituzte ildo horretan, deialdia baldintza onuragarriagoetan egiteko asmoarekin behin-behineko langileentzat. Osakidetzak ezezko borobila eman du, berriro ere.

Gainera, eta duela aste batzuk salatu genuen legez, Osakidetzak ez du gardentasuna eta inpartzialtasuna bermatzen EPEko azterketak egiterakoan. Aurreko EPEaren iruzurraren ondoren (oraindik ere epaitegien esku dago), Sailburuak berak Legebiltzarrean iragarri zuen HAEEk hartuko zuela bere gain azterketak egiteko ardura, Osakidetzatik kanpoko profesionalek egin behar zituztelako premisarekin eta ELA Fiskaltzan salaketa jartzera eraman zuten egoerak errepika ez zitezen. Azken mahai sektorialean, ordea, Osakidetzak ezustean iragarri zuen, azkenean, HAEEk ez duela azterketarik egingo, eta epaimahaien esku utziko duela azterketak egiteko erabakia. Gaurko bileran, Osakidetzak bere jarrerari eutsi dio. Berriro ere salatu nahi dugu neurri hori aurrerapauso bat dela aukera-berdintasuna, gardentasuna eta inpartzialtasuna bermatzen ez dituen hautaketa sistema bat mantentzeko