ELAk dagoeneko 91 enpresa-hitzarmen sinatu ditu

2013/06/04
ELAk dagoeneko 91 enpresa-hitzarmen sinatu ditu
ELAk sinatu dituen akordioetan KPI adineko soldata igoerak, hitzarmenen salbuespena saihesteko eta ultraaktibitatea mantentzeko klausulak jasotzen dira. Hau azaldu dute Adolfo Muñoz 'Txiki' idazkari nagusiak eta Joseba Villarreal negoziazio kolektiboko arduradunak; halaber, hauen esanetan, halako edukiak dituzte ELAk orain arte sinatu dituen bost sektore-hitzarmenetan.

Muñozek nabarmendu duenez, soldaten erosteko ahalmenari eustea ezinbestekoa da enplegu gehiago gal ez dadin: ”Soldatak gainbehera badoaz, are lanpostu gehiago galduko da; soldatak irtenbiderako gakoa ditugu".

Hain zuzen,  ELAko idazkari nagusiak baztertu egin du lanbidearteko akordio bat egiteko aukera, "patronalari babesa emanaz soldaten eta enpleguaren murrizketa ahalbidetuko bailuke". “Ugazabek badakite ELAk ez duela soldatak izoztea edo moderatzea onartuko negoziazio kolektiboa desblokeatzeko edo lanbidearteko akordio bat sinatzeko".

Bestalde, Joseba Villarrealek aipatu du Hego Euskal Herriko negoziazio kolektiboa Estatukoarekiko desberdina dela, eredu sindikalari zein edukiei dagokienez.