ELAk langileen osasuna babestea exijitu dio Eusko Jaurlaritzari
ELAk salatu duenez, Administrazio Orokorrean COVID-19ak eragindako kutsatzeak areagotu dira: Lanbiden, Etxebizitza Sailan... Beraz, Eusko Jaurlaritzako langileen osasuna babestea exijitu diote, prebentzio-neurri eraginkorrak hartuz. “Ezin zaie langileei erantzukizun guztia utzi”, kexu dira.
Langileen artean COVID-19az ez kutsatzeko dauden jarraibideak eguneratzeko eta egokitzeko eskatu dio ELAk Eusko Jaurlaritzari, langileen legezko ordezkariekin kontsultatuta, negoziatuta eta adostuta.
Besteak beste, telelana handitzeko eskaerak egin ditu sindikatuak, eta ordainpeko baimenak eskatu dizkie beren kargura bakartu behar diren pertsonak dituzten langileei.
Hala ere, eskaera horien aurrean Eusko Jaurlaritzak beste alde batera begiratu nahi izan duela adierazi dute. "Isilik geratu da eta ardura guztia langileen bizkar utzi du. Hori onartezina da, are gutxiago egunero euskal gizarteari COVIDen aurrean modu eredugarrian jokatzeko eskatzen dion Gobernuaren aldetik".
"Administrazioak erantzukizunez jokatu behar du, eta hura babesteko ezohiko neurriak hartu behar ditu berehala. Langileen eta haien familien osasuna dago jokoan ", gaineratu dute.