ELAk elkartasuna adierazi die Negu Gorriak-eko boluntarioei
2026/09/22 Immigrazioa
Negu Gorriak bezalako kolektiboek ekarpen handia egiten diote gure gizarteari. Kolektibo hori Iruñeko pertsona zaurgarriek bizi duten egoerari erantzuteko sortu zen. Salatu dute ez dela migrazio-krisi bat, baizik eta etxebizitza arazoa. Etxebizitza bezalako oinarrizko ondasun batekin espekulatzea salatzen dute.
Duela egun batzuk, Negu Gorriak taldeko kideek Ceutara joatea erabaki zuten. Ceutan ia bi hilabetez lo egiteko etxerik gabe edo jateko zer jan ez duten errefuxiatuei laguntza ematera eta oinarrizko produktuak eramatera.
Ceutara zihoazela publiko egin ondoren, sareak boluntarioekiko gorroto-mezuz bete dira. Gorroto-mezu horiek, eta oihartzuna ematen dizkieten medioek ere, zigorrik gabe dihardute.
Julia Ferreras diputatu ceutarraren autoari eraso zioten Negu Gorriak-eko brigadisten autoarekin nahastuta. Azken asteetan eskuinak eta ultraeskuinak migratzaileei bideratutako gorroto-mezuek aurrekaririk gabeko indarkeriaren gorakada sustatzen ari dira. Eskuina marko ideologiko bat inposatzen ari da, non drama humanitarioa ahazten den (145 pertsona hil ziren Ceuta zeharkatu nahian) eta pertsona ahulenak erabiltzen diren hauteskundeetako bozak irabazteko.
ELAk bizi dugun egoera larria ohartarazi nahi du. Euskal Herrian ere badago gorakada arrazista eta faxista, eta aurre egiteko modua da alternatiba erreal bat eskaintzea jendeak gaur egun dituen arazoei: etxebizitza, bizitzaren garestitzea, lan-prekarietatea eta abar.
Horregatik guztiagatik, ELAk Negu Gorriak kolektiboari emandako babesa berretsi du, eta Ceutan gertatutakoa gaitzesteko eta Negu Gorriaken lana babesteko eskatu die Gasteizko eta Iruñeko gobernuei.