ELAk Ibaiganeko ikasle eta irakasle guztiak elkarrekin birkokatzea exijitzen du

2014/06/19
Inguruko hainbat ikastetxetan ikasle eta langileak birkokatzeko aukera ezagututa Eusko Jaurlaritza eta Kristau Eskolari exijitzen die berehala eman diezaiotela irtenbidea sorturiko egoera larriari

ELAk berriro ere kritika zorrotza egiten die Ikastetxearen titularrari, Kristau Eskolari eta Eusko Jaurlaritzari Ibaigane ikastetxea ixteko hartu duten erabakiagatik eta prozesu honetan izaten ari diren iluntasun eta informazio faltagatik.

Edozein kasutan, ELAk jakin du inguruko ikastetxeren batzuk Ibaiganeko ikasle eta irakasleak birkokatzeko aukera eta prestasuna izan dezaketela. Hau horrela, sindikatuak Eusko Jaurlaritza eta Kristau Eskolari exijitzen die horrela nahi duten Ibaiganeko ikasle eta langile guztiak elkarrekin birkoka ditzatela inguruko ikastetxeren batean. Modu honetan, erabateko iluntasunean eta familiei eta langileei bizkar emanez hartu duten aldebakarreko erabaki honek ikasleengan eta langileengan sortu duen egoera larriari irtenbide bat ematea ahalbideratuz.

Hau exijitzeko ELAk urgentziazko bilera eskatua du Eusko Jaurlaritzarekin eta gauza bera eskatu dio Kristau Eskolari. Era berean, bide honetan indarra egiteko familia eta langileei dei egiten die antolatuko diren mobilizazioetan aktiboki parte hartzera.