EUSKARA

ELAk mobilizaziorako deia egiten du Euskararen Egunean

2025/12/02
ELAk mobilizaziorako deia egiten du Euskararen Egunean
Euskararen aurkako oldarraldi judizial, politiko eta mediatikoak bat egin du alderdi abertzaleen apalaldi politikoarekin eta, esandakoarengatik, euskaldunok pairatzen duten egiturazko zapalkuntza gainditzeko mobilizazioak sustatzea da bide eraginkor bakarra. ELAren iritziz Hego Euskal Herriko marko juridikoa eguneratzean ezin zaio PSOEri beto eskubidea eskaini berak ezar dezan hizkuntz eskubideen muga eta, ondorioz, ontzat eman dadila euskaldunon hizkuntz eskubideak sistematikoki urratzea.

Euskaldunek ez dugu bermaturik gure bizitzako eremu gehienetan euskaraz bizitzeko eskubidea. Lan munduan ere egoera kezkagarria da: soilik enpresen %1ek du euskararen normalizaziorako plangintzaren bat onarturik eta beste enpresa guztietan gaztelania erabat inposatzea ontzat ematen da.

Euskaraz bizitzeko oinarrizko eskubidea urraturik dago urte luzez gaztelania eta frantsesa inposatu dituzten estatuen presiopean. Inposaketa hori murrizteko edozein neurri bortizki erasotzen dute, alderdi politiko, sindikatu, epaile eta komunikabide euskarafoboek, hala, aspaldidanik jasaten dugun zapalkuntza estrukturalari egun pairatzen ari garen oldarraldia gehitu zaio. Ondorioz, Hego Euskal Herriko administrazioetan euskararen erabilera murrizteko epaiak jasaten ari gara instituzioetan euskaldunon hizkuntz eskubideak bermatzeko beharrezko diren lege aldaketak blokeatu dituzte.

EAEn, besteak beste, hezkuntzan euskararen ezagutza orokortzeko baliagarria den murgiltze ereduari uko egin dio Hezkuntza Lege berriak A ereduaren mesedetan; patronalak uko egin dio enpresetan Euskara Planak negoziatzeari (eta Eusko Jaurlaritzak ezikusiarena egin ; euskal kulturgileek pobreziara kondenatuta darraite; administrazioetan gaztelania lanpostu guztietan derrigorrezkoa den bitartean euskarazko eskakizunak partzialki ezartzea onartu da, ETB1 ikuslerik gabe eta bikoiztaileak lanik gabe utzi ditu Jaurlaritzak…

Nafarroan zonifikazioa mantentzen da eta soilik Nafarroako iparraldean aitortzen dira euskaldunen hizkuntz eskubideak; gobernuak atzerriko hizkuntzei lehentasuna eskaintzen die euskararen aurretik administrazioetan lan egiteko hautaketa frogetan edota muga berriak ezarri dizkio eremu mistoko udaletan euskara meritu gisa baloratzeari eta euskararen ezagutza murrizteko ezarritako PAI programa ezarri indartu egin du.

EAEn EAJk PSE-EEren beto eskubidea onartu du aurretik aipatutako neurri guztiak ezartzerakoan eta Nafarroan gobernua sostengatzen duten bi alderdi abertzaleek (Geroa Baik eta EH-Bilduk) ez dituzte PSNren proposamen atzerakoiak eta euskarafoboak baldintzatu nahi izan beren sostenguaren truke.

ELAren iritziz EAEko estatus berriaren eztabaidan euskarak ezinbesteko osagai izan behar du eta euskararen erabateko ofizialtasuna bermatu gabe, behintzat gaztelaniak duen babes juridikoa izan gabe, ezin da estatus berririk onartu. Eta Nafarroan lurralde guztian euskararen ofizialtasuna eta euskaldunen hizkuntz eskubideak bermatzea ezinbestekoa izan beharko litzateke LORAFNAren berrikuntzaren eztabaidan.

Esandako guztiarengatik, ELAren iritziz, alderdi politikoek eragin nahi ez dituzten aldaketak gizarteak mobilizazio bidez exijitu behar lituzke. Horregatik sostengatzen du ELAk bihar Bilbon GUKAk deituriko mobilizazioa eta, bereziki, abenduaren 6an Euskal Herrian Euskaraz elkarteak Durangon antolatuko duen manifestazioa. Era berean, ELAk, LABekin batera, mobilizatzera deitu ditu administrazioetako langileak abenduaren 16an Iruñeako Parlamentuan eta abenduaren 17an Eusko Legebiltzarrean euskarak gaztelaniaren babes juridikoa bera izan dezan administrazioetan. ELAk bere militanteei dei egiten die mobilizazio guztietan parte hartu dezaten.