ELAk Arnaldo Otegiri bisita egin dio

2015/04/12
ELAko ordezkaritza batek -Adolfo Muñoz Txiki idazkari nagusiak eta Amaia Muñoa idazkari nagusiaren albokoak- gaur goizean Arnaldo Otegiri bisita egin dio Logroñoko espetxean.

Bisita honekin ELAk bere elkartasuna adierazi nahi izan du, Arnaldorekin zein Bateragune operazioan atxilotu zituzten guztiekin.

Sindikatuak gogoratu duenez, 2009ko urriaren 13an izan ziren atxiloketa bidegabe haiek garai hartan barne-ministro zen Rubalcaba sozialistaren bultzada politikoz gertatu ziren. Espainiar gobernuan PP sartu zenetik, bi alderdiok Euskal Herrian gatazka politikoari dagokionez eta gure herriaren normalizazio politokoaren aurka duten “estatu-ituna” mantendu egin da.

ELAren iritziz, Miren, Sonia, Arkaitz, Rafa eta Arnaldo oraindik espetxeratuta egoteak argi asko adierazten du Itun hark indarrean dirauela.

ELAk Arnaldo Otegiri jakinarazi dio bera eta bere kidekoak aske ikusi nahi dituela. Sindikatuak, beste behin ere, pertsona hauen askatasuna exijitu du.

Bilbo, 2015eko apirilaren 12a