Italia
ELAk UIL sindikatuaren XIX. Kongresu Nazionalean parte hartu du Italian
ELAko ordezkaritza batek UIL (Unione Italiana del Lavoro) sindikatuaren XIX. Kongresu Nazionalean parte hartu du, uztailaren 2tik 4ra bitartean Paduan egin den biltzarrean. Kongresuak 3.000 ordezkari baino gehiago eta sindikatu zein erakundeetako 1.000 gonbidatu inguru bildu ditu.
"Etorkizuneko lana, egungo konpromisoa. Berrikuntza, pertsonak eta eskubideak AAren aroan" lelopean, kongresuak adimen artifizialak enpleguan eta lan-harremanetan izango duen eragina izan du eztabaidagai nagusietako bat. UILek aldarrikatu du aldaketa horiek negoziazio kolektiboaren bidez gidatu behar direla, lan-eskubideen babesa, laneko segurtasuna eta osasuna bermatuz, eta produktibitatearen hazkundeak ekarritako irabaziak modu bidezkoan banatuz.
Hiru egunetan zehar, mundu akademikoko, ikerketako, erakundeetako eta nazioarteko mugimendu sindikaleko ordezkariek parte hartu dute lan-munduak gaur egun eta etorkizunean izango dituen erronkei buruzko eztabaidetan.