Gasteizko Udala – Uraren ziklo integralaren zerbitzua

AMVISAko bezeroaren arretan lan egiten zuten sei langileak kaleratu dituzte

2026/01/15
AMVISAko bezeroaren arretan lan egiten zuten sei langileak kaleratu dituzte
AMVISAko administrazio kontseiluak zerbitzuaren zati bat publifikatzea onartu du eta langileak kaleratu ditu zerbitzu berria martxan jarri gabe eta inolako kalte ordainik gabe.

AMVISAn zerbitzua ematen ari ziren sei langileak kaleratu dituzte, inolako kalte ordainik gabe. Urtarrilaren 9an, AMVISAren Administrazio Kontseiluak AMVISAren erabiltzaileen arretarako zerbitzuaren zati bat publifikatzea onartu zuen, PSE, EAJ-PNV eta EHBilduren aldeko botoekin. Horrela, zerbitzua publiko egitea onartu zen, baina egungo plantilla subrogatu gabe. Urteak daramatzate bertan lanean, azpikontratatua. AMVISAk lanpostu berriak sortzeko promesa egin du, baina momentuz ez du bere hitza bete. Orain arte zerbitzua ematen zuen enpresak esan du langileak subrogatu behar direla, baina AMVISAk ez du horri buruzko erantzunik eman.

Gaur egungo egoera honakoa da:

  • Sei langile kaleratu dituzte inongo kalte ordainik gabe eta subrogaziorik gabe.

  • AMVISAk ezarri nahi duen zerbitzu berria ez da sortu, lanpostu publikoak ezarri gabe daude eta ez da inor kontratatu. Momentu honetan beste zereginak dituzten AMVISAko langileak ari dira zerbitzua ematen. 

  • Juridikoki:

    • Otsailaren 9an, greban oinarrizko eskubideen urraketa salatzeko epaiketa izango da.

    • Lehen seihilekoan: legez kanpoko langileen lagatzearen inguruko epaiak argituko ditu EAEko Auzitegi Nagusiak.

  • Langileek beraien subrogazioa eta beraien kaleratzeen aldeko epaiketak jarriko dituzte martxan, AMVISAk egin duena epaitegietan ere jorratu dadin.

  • ELAk juridikoki aztertuko du oinarrizko eskubideen beste urraketa bat edo benetako babes judizialaren urraketa gertatu den eta beste pausu juridiko batzuk eman behar diren.

ELAk gogorarazi du zerbitzua publifikatzearen alde dagoela, baina ez langileen kontura. "Orain arte hor lan egiten zuten langileak azpikontratatuta zeuden erabaki politiko batengatik, eta orain beste erabaki politiko batengatik izan dira kaleratuak", salatu dute. "Langile hauek, udala eta AMVISA estutu zuten pasa den urtean, irabazi zuten eta orain kaleratu egin dituzte, zigor gisa", dio sindikatuak. ELAk gogoratu du publifikazioak daudenean lehen subrogazioa bermatzen dela; ez da, ordea, gauza gertatu zerbitzu honetan. "Hori hala da benetako asmoa ez zelako publifikazioa, langileak kaleratzea baizik".

ELAk Udal Gobernuari, EH Bilduri eta AMVISAko Administrazio Kontseilu osoari eskatu die langileen subrogazioa bermatzea, Estatuko eta Europako legediak ezartzen duen bezala.