Patronalari ederki ulertzen zaio
Lan-erreformak kalte gaiztoa egin die lan-baldintzei. Bide ematen du zoritxarreko gaixoak kaleratzeko, soldatak jaisteko, eta egutegi bat izateko eskubidea kentzeko.
Erreformak, batez ere, helburu nagusi bat dauka: soldatak ahal den guztia jaistea. Horretarako prestatu dute. Nola? Besteak beste, aurrera-eragina (hitzarmenaren indarraldiaren luzapena) urtebetera mugatuz, eta sektore-hitzarmenak derrigorrez oinarrizkotzat hartzeari utziz. Modu erraz batez azaltzeko, probintzia-hitzarmen batek 1.100 euroko oinarrizko soldata ezarri arren, enpresariak 800 euroko soldata ezar dezake bere langileentzat. Erreforma hori patronalak idatzi du, eta Gobernuak onetsi. Pobretu nahi gaituzte. Euskal ugazabak pozarren dabiltza erreforma dela-eta. Horrek ematen digu aditzera nolakoa den beren konpromiso soziala: hutsaren hurrengo.
Aurten metalgintzako lau hitzarmen probintzialak negoziatuko dira. Nahiz eta horri “negoziazioa” esatea gehiegi esatea izan. Patronalak nahi duen gauza bakarra erreforma bortxaz ezartzea da.
Ildo horretatik, CCOOek eta LABek “autonomia-erkidegoko metalgintzaren esparru-akordioa” negoziatu nahi dute. Diotenez, helburua probintzia-hitzarmenak gutxienezko maila izatea da, eta EAEko lan-baldintzak “lehentasunezkoak” izatea, estatuko akordioen aurretik.
ELAren asmoa zera zen: probintzia-hitzarmenak gutxienezkoa maila finkatzea nahitaez, eta hortik aurrera enpresa-akordioen bidez hobetzeko aukera ematea. Horrela izatea gustatuko litzaiguke, baina arazo bat dago: legeak ez du bide ematen.
Hauexek dira gure arrazoiak:
CCOOek eta UGTk akordioak sinatu dituzte Madrilen CONFEMETALekin (euskal patronalak barne hartzen dituen elkargoa), eta horren arabera 17 gai ezin izango dira inon negoziatu, Madrilen ez bada. Nafarroan eta estatuan esaten dute Madrilgo akordioak lehentasunezkoak eta esklusiboak direla. Eta zer diote EAEn? Sobera dakite akordio ziztrin horiek ezin direla aurkeztu Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Zentralizazioaren errudunak aliatu bikainak Lan Harremanen eta Babes Sozialaren Euskal Esparrurako!
Beste helburua sektore-hitzarmena nahitaez gutxienezko maila izatea da. Jakin badakite, gainera, lan-agintaritzak ukatu diola argitaratzea gutxienezko maila nahitaez ezartzen duen edozein sektore-hitzarmeni Patronalak ere aldez eta moldez aldarrikatu du: “Ez dugu sinatu nahi sektorialak gutxienezko maila edukitzea, eta gainera legez ezinduta gaude”.
ELAk bere jendearekin duen konpromisoa berretsi nahi dugu: Lan-baldintzak mahai guztietan aldeztuko ditugu; batez ere, hitzarmenak erabakitzen diren mahaietan: enpresetan. Ez diogu esango gure jendeari lasai egoteko, beste mahai batean patronalari kontraerreforma sinaraziko diogulakoan. Egingo bagenu, gezurretan ariko ginateke. Hori ez da gertatuko, eta esparru-akordio horren bultzatzaileek ondotxo dakite.
Gatazkak biderkatu dira, eta borroketan gero eta gehiago entzuten da duintasun hitza. Langileak salgaiak balira bezala tratatzen dituztenean erantzun egiten dute, eta hori bera gertatzen ari da Euskal Herriko metalgintzan. Gure oraingo erronka zera da: erreforma enpresetan sartzen ez uztea; eta horretarako, ezinbestekoa da argiro hitz egitea eta itxaropen faltsurik ez sortzea.
Euskal industriaren edozein analistak, objektiboa bada, ondo daki enpresen arazoak lotuago daudela kreditu ezarekin, barne-eskariaren beherakadarekin edo kudeaketa txarrarekin, beste ezerekin baino. Askotan arrazoi horiek konbinatzen dira. Baina patronalak, beti ere, gure soldatei leporatzen die arazoaren errua. Itsuturik daude, diruaz itsuturik. 2011. urtean orduko kosturik handiena zuen herrialdea Norvegia zen (44,20 €), eta Bulgaria azkena (3,50 €). Krisira eraman gaituztenen teoriei jarraiki (bankariak, patronalak eta politikari gehienak) Bulgaria izango zen industria-erreferentzia patronalarentzat. Jendea nahasten saiatzen dira kontraesanetan lardaskatu arte, baina ordurako den-denok antzeman diegu gezurretan ari zirela.
Unai Martinez,
ELA-Metal Federazioko idazkari nagusia.