Naturgas Energiak bere plantillari ezarritako lan-baldintzen aldaketa justifikatu gabea izan da

2016/01/05
Auzitegi Nazionalak ELAren demanda aintzat hartzen du eta erabakia justifikaziorik gabea izan zela erabakitzen du, enpresak ez baitzuen egiaztatu eragindako enpresetan baldintzak aldatzea beharrezko egingo zukeen arrazoi tekniko, produktibo zein organizatiborik.

Naturgas Energia enpresak gasaren banaketa eta merkaturatzea kudeatzen du, hots, herritarrentzako funtsezko zerbitzu bat; Eusko Jaurlaritzaren erabakiz pribatizatu zen. Euskal erakundeen esku egotetik negozio pribatu izatera pasa zen, etekin handiak sortzen dituena kontsumitzaileen eta langileen bizkarretik; hauen baldintzak gero eta okerragoak dira, izan ere.

Enpresak aldebakarreko erabakiz lan-baldintzen funtsezko aldaketa egin zuen. Langileen erantzun tinkoak eta ELAko zerbitzu juridikoek, ordea, lortu dute aldaketa hori indargabetzea. Abenduaren 22an emandako epaian Auzitegi Nazionalak sindikatuaren demanda aintzat hartzen du eta erabakia justifikaziorik gabea izan zela erabakitzen du, enpresak ez baitzuen egiaztatu eragindako enpresetan baldintzak aldatzea beharrezko egingo zukeen arrazoi tekniko, produktibo zein organizatiborik.

ELAk erakundeei dei egiten die, batik bat Eusko Jaurlaritzari, berma ditzala herritarrentzako oinarrizko zerbitzuak, esaterako gasa, eta ez diezaiela diru publikoari esker sortutako azpiegiturak oparitu eskrupulurik gabeko multinazionalei; hauek zerbitzuen behar bezalako funtzionamendua arriskuan jartzen dute, baita kalitatezko enplegua ere.