ELA-k bihozkabetzat jotzen du ospitaletan farmazia produktuen berrordainketa ezartzea

2013/09/23
Beste neurri bat eta hau ere betiko norabidean. PP-k ezarri du, oinarrizko lege izaeraz, ospitale publikoetan ematen den farmazia-asistentzian 42 medikamentuekin berrordainketa emango dela (orainartean medikamentu horiek doainik eskaintzen ziren).

ELA-k neurri hau bihozkabe eta bideagabetzat jotzen du. PPren gobernuak beste behin erabakitzen du bankari berak emandako babesaren kostua behar gehien duten pertsonen bizkarrera eramatea. Hain zuzen ustelkeriaz harrapaturik dagoen PPren gobernuak Ministro kontseilu bakoitzean erakusten du noren zerbitzura agintzen duen (banka, elektrizitate enpresak, empresa handiak…).

ELA-k azpimarratu nahi du honako egintza garrantzitsuaz: itxurakeria politikoaz haratago, PPk onartzen dituen neurriei men egin eta bete egiten dira Urkullu eta Barcinaren gobernuen eskutik. Ez da zilegizkoa Gasteiz eta Iruñako gobernuak existitzen ez den “aldebikotasuna” erreklamatzea, are eta gehiago gizarte eremu guztia suntsitzen ari denean.

Itxurakeria politikoan geratzeak esangura oso gogorra du: gobernu guztiek bat egiten dutela, bere jardun politikoan, gizarte ezberdintasunak areagotzen.