Soldata dirua baino gehiago da

2014/04/16
"Soldata dirua baino gehiago da – Luchar por el salario es luchar por el empleo" lemapean kanpaina jarri du martxan ELAk. Datozen hilabeteotan soldataren garrantzia azpimarratuko du sindikatuak. Soldaten eta enpleguaren aurkako erasoa kokatu nahi du eta, bide batez, eraso horien ondorio sozial eta ekonomiko lazgarriak plazaratu nahi ditu.

"Soldatak defendatuz, enplegua ere defendatzen dugu", azpimarratu du Adolfo Muñoz "Txiki" idazkari nagusiak.

Soldaten eta enpleguaren aldeko kanpaina honen aurkezpenean, Mikel Noval eta Patxi Agirrezabala, batzorde eragileko kideek hartu dute parte ere. ELAko arduradunak egungo krisialdiaz lan-baldintzak okertzeko baliatzen ari direla adierazi dute. Era honetan, azken aldion soldaten erosteko ahalmena galtzen ari garela azaldu dute. Egoera honen aurrean, enplegu duina sortu eta eros-ahalmena gehitzeko proposamenak berretsi dituzte.

Bestalde, gobernuek, enplegatzaile diren aldetik, lanpostuak suntsitzen ari direla salatu dute ELAko arduradunek

Adolfo Muñoz "Txiki"k adierazi du lehiakortasuna hobetzeko aitzakiaz aberastasunaren banaketa erabat aldatu nahi dela enpresa eta kapital-errenten mesedetan, azaldu du. "Honen aurka lantokietako antolakuntza sindikala funtsekoa da eta erronka antolakuntzan dago", azpimarratu du.