ELAk Nafarroako Gobernuari eskatu dio bete dezala erizaintzako langile kopurua handitzera behartzen duen epaia
2025eko urriaren 10ean, Iruñeko Administrazioarekiko Auzien 1. Epaitegiak ebatsi zuen Nafarroako Autonomia eta Pertsonen Garapenerako Agentziaren (PAGNA) barruan dagoen Desgaitasunari Arreta Integrala emateko San Jose Zentroko zaintzaileek Medikazioa Administratzeko 2024ko ekainaren 7ko Protokoloaren aurka jarritako errekurtsoa.
Ebazpenak onartzen du zenbait ordutan erizainik ez dagoenez San Jose Zentroan, ezinezkoa dela ikuskapen hori egitea eta zaintzaileek medikazioa ematetik haratago doazen hainbat eginkizun beren gain hartu behar izaten dituztela. Protokoloa baliogabetzeaz gain, Administrazioa behartzen du beste protokolo bat egitera eta medikazioa erizainek gainbegiratu behar izatea.
Nafarroako Gobernuak ez du epai horren aurkako errekurtsorik aurkeztu; hala ere, PAGNAk epaia bete gabe eta medikazio-protokoloa egokitu gabe jarraitzen du gaur egun, lanaldiko zenbait ordutan ez baitago erizainik zentroan.
Horrek agerian uzten du Agentziaren joera, zeinak ez duen plantillak indartzeko inbertsio nahikorik egiten. Zehazki, Lizarrako Santo Domingoko Adinekoen Egoitzan (PAGNAren barruan dagoena) erizaintzako plaza bat amortizatu zuten, zentroa erizainik gabe utziz arratsaldeetan.
ELAtik Nafarroako Gobernua interpelatu nahi dugu medikazio protokoloa egokitu, plantila handitu eta erizain gehiago izan ditzan erabiltzaileei ematen zaizkien botikak ikuskatzeko. Horrek langileengan eta zerbitzu publikoen kalitatean hobekuntza ekarriko baitu.