Lodosako berrehun bat lagun bildu ziren euren eskubideak defendatzeagatik izandako 17 kaleratuen alde

2014/08/28
Lodosako berrehun bat lagun bildu ziren euren eskubideak defendatzeagatik izandako 17 kaleratuen alde
Lodosako berrehun bat lagun bildu ziren atzo zahar-egoitzako langileei euren babesa emateko, azken sei hilabeteetan GSR enpresaren (Mondragon taldekoa) gehiegikeriak pairatu ondoren. Bolada honetan, GSR-ren zuzendaritzak 17 langile kaleratu ditu, ez ditu hainbat kontratu berritu, eta gainera 9 zigor inposatu ditu, kasu guztietan euren lan eskubideak defendatu dituzten langileen aurka.

Gauzak horrela, ELA sindikatuak (hiru delegatuak dituenak) jazarpen sindikala salatzen du, besteak beste atzeratutako soldatak aldarrikatzen dituzten langileen aurkako xantaia. Gehiegikeria hauek hasi ziren 2014ko urtarrilean, GSR (Gestión de Servicios Residenciales) kudeatzaile berri izendatu zutenean, hain justu.

Azken finean, kaleratzeak, zigorrak eta xantaiak ez datoz bat GSR enpresak bere webgunean defendatzen duenarekin: “Enpresa osatzen duten pertsonen parte-hartzean, onarpenean eta garapen pertsonal, profesional eta sozialean oinarritutako lan giroa sortu; gure zerbitzuen kalitatearen oinarriak langile horien inplikazioan eta motibazioan daudela uste osoa baitugu”. Gainera, GSR-k oso modu zinikoan azpimarratzen du euren “baloreak, erakunde bezala” badirela “eskuzabaltasuna, apaltasuna eta begirunea”.

Adierazpen hauek benetakoak balira, proportzio txiki batean ere, GSR-k 17 kaleratuak berriro kontratatu, zigorrak indargabetu eta lan harremanak modu demokratikoan eramango lituzke. ELA sindikatuak zahar-egoitzako langileekin batera borrokatzen segituko du euren eskubideen alde, eta horretarako hiritar zein Lodosako Udalaren laguntza ezinbestekoa da.