Ekainaren 28an greba Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko salgai-garraioetako sektorean
ELAren aburuz PPren 2012ko otsaileko lan-erreformak enpresen eskuetan utzi du lan-baldintzak antolatzeko aukera. Erreformak ekarri zituen aldaketen artean hauxe dago: sektore-hitzarmenak ez ziren gehiago izango gutxieneko maila bat sektoreko enpresetarako, eta enpresa-hitzarmenak lehentasunezkoak izatera aldatu ziren (Langileen Estatutuaren 84.2 art.).
Uztailaren 7an hitzarmenek ez dute aurrera-eraginik izango; hori dela-eta, hainbat hamarkadatako lorpen sozialak galdu daitezke, eta lan-baldintzak okerragotu. ELAren ustez garai gogoangarri honetan erabateko erantzunak eman behar ditugu. Horregatik, dei egiten diegu salgai-garraioko langileei greba-egun bat egitera, EAEn, ekainaren 28an.
Zoritxarrez ezin izan dugu lortu beste sindikatuen atxikipena (bereziki LABena); egia esan, erreformaren nondik norakoa denon ezaguna izanik, ez dugu ulertzen zergatik gainerako sindikatuak ez dira enpresa-negoziazioaz baliatzen borroka-tresna gisa, langileen baldintzak bermatze aldera. Dena dela, guk gure aldetik adierazi nahi dugu:
-
ELAk greba-deialdia egin du, Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako SALGAI-GARRAIOrako, ekainaren 28rako.
-
Deialdiak helburu bikoitza du: Rajoyren txikizioa indargabetzea enpresa-hitzarmenen bidez —erreformaren aurkako klausulak sartuz—, eta patronalak sektore-hitzarmen probintzialetan duen jarrera irmoa aldaraztea.
-
Deialdiaren jasotzaileak aipaturiko lurraldeetako enpresak dira, baldin eta negoziazioetan badabiltza, eta nahitaez bete beharreko gutxieneko edukiak adosturik ez badituzte.
-
ELAk berebiziko lana egingo du, ETEetako negoziazio kolektiboa areagotzeko. Lantoki bakoitzeko langileak antolatzea da bide bakarra, gure lan-baldintzak blindatzeko.
Sindikatuaren esanetan sektore-hitzarmena izan edo ez izan, antolaturik dauden enpresek bakarrik erantzun ahal izango diete patronalen erasoei. Uztailaren 7rako, ugazabarentzat nahitaez bete beharreko hitzarmen bat lortu behar dugu. Ekainaren 28an erronka bat dugu: Rajoyren erreforma gure enpresetatik kanporatzea. Ekainean borroka egin behar dugu, uztailaren 7tik aurrera 30 urte atzera ez egiteko.