Nafarroako hitzarmena berreskuratzeko lanuzteak jarraipen zabala izan du
Martxoaren 23ko prentsaurrekoan adierazi zuten bezala, ELA, LAB, UGT eta CCOO sindikatuek azpimarratu dute lanuzteak deitzea “alternatiba bakarra” izan dela patronalari hainbat interpelazio egin ondoren, baita sektoreko langileen 400 sinadura baino gehiago aurkeztu ondoren ere, sektore horretan 2.000 langile inguru egonda.
Apirilaren 23ko jardunaldiak jarraipen zabala izan zuen, bai enpresa kopuruari dagokionez, baita langile kopuruari dagokionez ere.
“Hau da aipatutako hitzarmena berreskuratzeko bidea”, adierazi dute sindikatuek, eta sektoreko langileei hurrengo deialdiekin bat egiteko deia egin diete: maiatzaren 21ean, 5:00etatik 6:00etara eta 13:00etatik 15:00etara, eta ekainaren 11rako aurreikusitako greba egunean.
Era berean, patronalak bere jarrerari eusten badio, “deialdi eta gatazka gehiagorekin topo egingo” duela ohartarazi dute, eta argi utzi dute alde sozialak “borrokan jarraituko duela hitzarmena berreskuratu eta sektoreko bizi eta lan baldintzak duindu arte”.