ELAk prekaritatearekin amaituko duen proposamen bat eskatu die Aldundiari eta patronalei
Gipuzkoako egoitza eta eguneko zentroetako langileek urtarrilak 22 eta 23ko greba sektorialarekin egin dute bat. ELAk kontratu partzialekin eta soldata-arrakalarekin amaitzea aldarrikatzen du. Negoziazio mahaia duela urtebete eratu zen arren, eta bost bilera egin arren, Matia, Adegi eta Lares patronalek ez dute ELAren eskaerak kontuan hartuko dituen proposamenik egin. Gauzak horrela, datorren astean aurrerapausorik ematen ez bada, ELAk mahaian parte hartzen jarraituko duen ala ez erabakiko du.
Langileen ia erdiek lan-kontratu partzialak dituzte, etekinak handitzeko estrategiapean, ELAk salatu duenez. Azpikontratatutako emakumeen soldata arrakala 10.000 eurokoa da urtean. ELAk EAJ-PSEri eta Podemosi exijitu die berehala bete dezatela aurrekontuetan adostutako hitzarmen sektorial bat bultzatzeko konpromisoa, eta aukera hori balia dezatela zaintza sistemaren kalitatea hobetzeko eta genero-diskriminazioarekin amaitzeko.
Bitartean, maiatzean hitzarmen duin baten alde hasitako greba-egunek aurrera jarraitzen dute. Gainera, sei zahar-etxe greba mugagabean daude azaroko azken egunetatik, 75 egun guztira. Bihar Ordiziako San Jose egoitzak bat egingo du greba mugagabearekin. Manifestazio eta mobilizazio ugari ere deitu ditu ELAk; Errenterian, Donostian, Zumaian, Zumarragan, Arrasaten, Ordizian, Legazpin eta Azkoitian, besteak beste. Gaur Donostian Gipuzkoa plazatik egin den manifestazio jendetsuan dei argia egin zaie patronalei eta Foru Aldundiari.