Federazioen kongresuak

Mari Cruz Elkoro, Zerbitzuak-eko iparrorratza

2026/01/29
Mari Cruz Elkoro, Zerbitzuak-eko iparrorratza
Mari Cruz Elkorok Zerbitzuak-eko idazkari nagusi gisa egin zuen agurra, ELAk azaroan egin zituen hiru biltzar federaletako unerik berezienetakoa izan zen. Elkorok 30 urte daramatza ELAn liberatu gisa, azken 13ak Zerbitzuak-eko idazkari nagusi moduan. Orain, Ane Alberdi Legorburuk (Antzuola, 1993) hartuko du bere lekua. Hemendik aurrera, Elkorok Manu Robles-Arangiz Fundazioan jarraituko du bere lan sindikalarekin.

Egoitz Iturbe Zerbitzuak-eko Batzorde Iraunkorreko kideak gidatu zuen Mari Cruz Elkorori azaroaren 27an Gasteizko Europa Jauregian egindako Zerbitzuak-eko biltzarrean egin zitzaion omenaldi txiki eta hunkigarria. Iturbek, Elkorok ELAn egindako ibilbidearen errepasoa egin zuen, baina gogorarazi zionez “oraindik ez duzu erretiroa hartzen. Komentatzearren”. Horretarako, Jose Elorrietak erabili ohi zuen esamolde bat erabili zuen: “iparrorratz garaia da, ez erloju garaia”.

Mari Cruz Elkoro izan da Zerbitzuak-en iparrorratza. Duela urte batzuk, batez ere banakako kontsultak kudeatzen genituen. Hiriburuetatik haratago, ez genion ia denborarik eskaintzen antolaketari edo negoziazio kolektiboari. Egin duen antolaketa lana eta federazioari emandako bultzada izugarriak izan dira. Gauza bat garbi zeukan, eskualdeak indartu behar zirela, eta hori lortu arte ez da gelditu. Eskualdeak eta ekipoak indartzea. Mari Cruzen lanik gabe ez ginateke gauden lekuan egongo. Unai Martinezek dioen bezala, eskerrak Mari Cruz Elkoro gurekin dagoen, patronalarekin egon bazen... bufffff”.