LANPOSTUEN ZERRENDA (LPZ)

Lanbideren akordioa ez da nahikoa eta ez du kalitatezko zerbitzu publikorik bermatzen

2026/05/15
Lanbideren akordioa ez da nahikoa eta ez du kalitatezko zerbitzu publikorik bermatzen
Lanbideko Zuzendaritzak lanpostuen zerrenda (LPZ) berriari buruzko akordioa itxi du gainerako sindikatuekin. ELAk ez du sinatu, bere ustez ez dielako erantzuten langileen benetako beharrei, eta sakoneko egitura-arazoak konpondu gabe uzten dituelako. Gaur egun hobekuntzak badaude, sindikatuen presioari esker da, eta, bereziki, ELAk bultzatutako mobilizazioei esker. Borroka hori gabe, akordioa askoz okerragoa izango zen. Hala ere, adostutakoa motz geratzen da, argi eta garbi.

Alde batetik, soldata-igoerak planteatu badira ere, horiek ez dituzte egungo barne-desberdintasunak zuzentzen, baizik eta areagotzen. Horrez gain, ez da behar bezala aitortzen tokiko bulegoetan herritarrei arreta zuzena ematen dieten eta Lanbide erakundearen lehen aurpegia diren langileen lana, ezta haien balio-aniztasuna ere.

Bestetik, hobekuntza horiek laboralizazio-prozesu bati lotuta daude, eta ELA ez dago horrekin ados. Lanbidek langile publikoek emandako zerbitzu publikoa izaten jarraitu behar du. Gainera, laboralizazio-prozesuak ziurgabetasuna sortzen du eta eskubideak mugatzen ditu, adibidez, laboralizatzera jotzen ez dutenen mugikortasuna.
Horrez gain, akordioak ere ez du arazo nagusietako bat konpontzen: langile falta. Ez da lanpostu berri bakar bat ere sortu, nahiz eta lan-kargak gehiegizkoak izan, batez ere bulego txikietan, eta zerbitzu orokorrak aurrera eramateko lanpostu nabarmen gutxiegi izan.

Azkenik, euskara bigarren mailan geratzen da berriro, hizkuntza eskubideak bermatuko dituen neurri errealik gabe eta administrazio benetan euskalduna lortzeko inongo aurrerapausorik gabe.
Azken batean, akordio bat sinatu da, aldaketa batzuk sartzen dituena, baina Lanbideren egitura-arazoei heltzen ez diena. ELAk bidezko LPZ, ondo dimentsionatutako plantilla eta herritarrentzako kalitatezko euskal zerbitzu publikoa defendatzen jarraituko du.