Greba urriaren 7an, hitzarmen berri bat lortzeko
ELAk, Bizkaiko metalaren merkataritzaren sektorea osatzen duten UGT, CCOO eta LAB sindikatuekin batera, urriaren 7rako greba deialdia egin du, sei urtetik gorako indarraldia galduta duen hitzarmenaren negoziazioan aurrerapausorik ez dagoelako.
Denbora horretan guztian, langileek erosahalmena galdu dute prezioen gorakadaren ondorioz. Sektoreko soldatek ez dituzte urtean 18.000 euroak gainditzen.
Negoziazioak aurrera egin ez ezik, CECOBI patronalak orain arte lortutako eskubideak murrizteko asmoa ere erakutsi duela salatu dute sindikatuek. Batetik, gaixotasunagatiko bajen osagarria okertu nahi du; bestetik, antzinatasun-osagarria murriztu nahi du. Azken hori, gainera, dagoeneko oso mugatua dago: 2014ko soldataren arabera kalkulatzen da, eta gehienez ere zortzi laurteko hartzen ditu aintzat.
Egoera horren aurrean, langileek KPIaren arabera eguneratutako soldata duinak aldarrikatzen dituzte, galdutako erosahalmena berreskuratzeko. Halaber, lanaldia murriztea eskatzen dute, Bizkaiko merkataritzako beste hitzarmen batzuetan ezarritako urteko 1.725 orduetatik hurbil egon dadin; gaur egun, berriz, urtean 1.758 ordukoa da lanaldia.
Hurrengo negoziazio-mahaia irailaren 21ean izango da. Sindikatuek gogorarazi dutenez, bilera horretan patronalak negoziatzeko benetako borondatea erakutsi eta gatazka bideratzeko aukera izango du.