Euripean dantzan

2016/11/08
Euripean dantzan
Bizkaiko Erresidentzietako langileen grebak aurrera jarraitzen du; gaurkoa lan gatazka hasi zenetik aurrera daramaten 48. greba eguna da. Orain arte bezala gaurko deialdiaren jarraipena oso zabala izan da. Aste osorako antolatutako mobilizazioei jarraituz, gaurkoan protesta ekintza Bizkaiko Foru Aldundiaren egoitzaren aurrean egin dute grebalariek beste behin.

Eta a ze festa prestatu duten! Goiz osoan kantuan eta dantzan aritu dira Nahia Fernandez bakarlariarekin eta DJ Jonathan-ekin. Euripean dantzan. Izan ere, eguraldia petralari aurre eginez jai-giroa aparta izan da. Grebalariek Unai Rementeriari, Bizkaiko Ahaldun Nagusiari, kalera jaitsi eta beraiekin dantzatzeko gonbita luzatu diote. Hala ere badirudi eskaintzari ezetz esan diola. Behintzat, gaurkoan ez da jaitsi dantza egitera.

Greba eta mobilizazio txanda berri hau azaroaren 11n amaituko da. San Martin eguna. Bien bitartean, Bizkaiko Erresidentzietako langileek borrokan jarraituko dute. Borrokan eta alai, gatazka hau irabazi egingo dutela badakitelako.