ELA eta LABek Osalanen jarduerak eta memoria kritikatu dituzte

2004/06/04

Ezbeharren diagnostiko zuzena egiteko buruzagitza eta gaitasun eza salatu dute

ELA eta LABek Natxo Murgia Osalango arduradunaren hitzaldia salatu dute, erakunde honen batzorde orokorraren baitan egin den 2003ko memoriaren aurkezpenean. Erakunde hau gehiengoa duten sindikatuek, patronala eta euskal administrazioak osatzen dute. ELA eta LABen ustez, ezbeharren diagnostiko zuzena egin, arduradunak zeintzuk diren zehaztu eta gertaera hauei aurre egiteko hartu beharreko neurriei dagokienez, "buruzagitza eza eta lan eta segurantza sozialaren departamenduaren gestio gaitasun eza agerian utzi ditu hitzaldiak".

Berriro ere kea saldu dute administraziotik zerbait egiten denaren itxura egiteko. Egunerokotasunak ordea, Arduradun politikoen (saila eta Eusko Jaurlaritza) ezgaitasuna agerian utzi du, enpresariei Laneko Arriskuen Legea betearazteko, behar diren neurriak hartzen ez direlako.

Zentzu honetan, Osalanek gaur eman dituen datu baikorrak errealitatearekin bat ez datozela gogoratu dute. "Osalanek bisitatutako Gipuzkoako enpresetako %40k emergentzia simulazioa egiten duela edo enpresen %90 prebentziorako neurrien plangintzan ari dela edo %73k plangintzak aurrera eramateko arduradunak dituztela esatea burla egitea da, are gehiago legeak behin baino gehiagotan hausten dituzten enpresen zenbakia ezkutatu egiten dutenean.

Memorian ez da aipatu ere egiten enpresetan ezbeharren kopurua zergatik handitzen diren, prekarietate maila altua, erritmoak edo lanaldi amaigabeak... guzti horien arduradun bakarrak enpresariak dira.

Testuinguru honetan, Lan Sailak maiatzean ezkutuan sinatutako hitzarmenean "patronalari 4 milioi euro oparitu dizkio" eraikuntzako sektorean formakuntzako gela iraunkorra sortzeko. "Diru publikoa ezbeharren arduradunen esku jarri da, sektoreko langileen ordezkarien inongo kontrolik gabe. Hori eskandalu bat da". Legeari ez zaio jaramonik egiten, Azkarragak eta ez Batzar Orokorrak erabakitzen baitu Osalanek nola eta noren alde lan egin behar duen.