ORMAZABAL DISTRIBUCIÓN PRIMARIA (ZORNOTZA)

ELAk lehen hitzarmena lortu du 14 greba egunen ostean

ELAk lehen hitzarmena lortu du 14 greba egunen ostean
ELAk greba amaierako akordioa lortu du Ormazabal Distribución Primarian, Ormazabal Taldeko Boroako (Zornotza) lantegian, 14 greba egun eta langileen mobilizazio zabal baten ostean. Enpresako lehen hitzarmen propioa izango da.

Soldaten arloan, akordioak igoera garrantzitsuak jasotzen ditu 2027rako, tablak 1400€ gehi urteko KPIa igoko dute , eta 2028tik 2030era bitartean KPIa gehi %0,5eko igoerak aurreikusten ditu, gutxienez %1,5eko bermearekin. Gaueko lanaren plusa, txandakako lanaren plusa eta Etxebarrirako lekualdatze plusa ere arautzen dira. Horrez gain, antzinatasunean, aparteko orduetan eta ordainsari aldakorrean hobekuntzak jasotzen dira. Azken puntu horretan, 15 egunen baliokidea aparteko paga berri batean finkatzen da.

Lanaldi zatiturako urteko lanaldia 1.700 ordutan ezartzen da, eta lanaldi jarraiturako 1.688 ordutan, txanda plusa kobratuta. Oporrei dagokienez, abuztuko fabrika itxiera bi astekoa izango da, eta beste bi asteak langileen hautu askekoak izango dira. Gainera, MOIko langileentzat sarrera eta irteerako 1,5 orduko malgutasuna arautzen da, 16:30ak baino lehen atera gabe, eta hilean 6 telelan egun aitortzen dira.

Akordioak hobekuntza sozial garrantzitsuak ere jasotzen ditu: bidaien arautzea, hilabeteko ordaindu gabeko lizentzia, heriotzagatiko baimenetan hobekuntzak, pertsona baten lotura vinculogramaren bidez, urtean prestakuntza bat lan denboran, hitzarmenak iraun bitartean 10 orduko batzar ordainduak eta Zure Menua zerbitzua lanegun guztietan.

Enpleguari dagokionez, 2027an behin-behineko 15 kontratu finko bihurtzea adostu da, eta behin-behinekotasunaren muga %20an ezarri da. Laneko arropan, udako bi uniforme eta neguko bi uniforme bermatuko dira, emakumeentzako tailajea ere kontuan hartuta.

Gainera, lan osasunaren eta kategorien inguruko konpromisoak jasotzen ditu. Lan osasunean, prebentzio gaietan aurrera egiteko konpromisoa jasotzen da, hala nola arrisku psikosozialetan, hotz eta bero protokoloan eta bestelako prebentzio gaietan. Kategorien arloan, 2027ko urtarrilaren 1etik aurrerako atzeraeragina jasotzen da.

Akordioak berme garrantzitsuak jasotzen ditu etorkizuneko enpresa hitzarmenerako. Besteak beste, hitzarmenaren inaplikazioari mugak ezartzen zaizkio, txanden erregimena aldatzeko aukerari mugak jartzen zaizkio, eta hitzarmena indarrean mantenduko da beste batek ordezkatu arte.

ELAk nabarmendu duenez, lortutako akordioa langileek greba egunetan egindako antolaketaren eta mobilizazioaren ondorio da. ELAk adierazi du aurrerantzean ere lanean jarraituko duela adostutako konpromiso guztiak enpresako lehen hitzarmenean txertatzen direla bermatzeko.