ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio hitzemandakoa bete dezala, abenduko ordainsari berezia ordain dezala eta ez diezaiola PP-ren murrizketa politikari jarraipenik egin

2012/11/16
Gaur jakin arazi du Eusko Jaurlaritzak administrazio publikoko langileen abenduko ordainsari bereziari buruz hitz egiteko Madrilgo gobernuarekin hitzarturik zuen bilera bertan behera utzi duela. ELAk gogora arazi nahi du, azkenaldian, behin eta berriro adierazi duela Patxi Lopezen gobernuak Rajoyren politikak gaitzesten zituela baliogabeak eta atzerakoiak zirelako eta jaurlaritzaren eskuduntzetan eskuhartze larria zelako.

Duela gutxi, azaroaren 8ko funtzio publikoko mahaiaren bileran eta bertan ordezkaritza duten sindikatu guztien aurrean, Eusko Jaurlaritzaren arduradunek berretsi egin zuten Patxi Lopez Lehendakariak azken hilabeteetan eta hauteskunde kanpainan esandakoari jarraituz gabonetako ordainsaria ordaintzeko beraien borondatea.

Testuinguru nahasi honetan, ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitzen dio emandako hitza bete dezala eta zerbitzu publikoetako langileei abenduko ordainsari berezia ordain diezaiela. Gainerakoan, gezurretan aritzeaz gain, azken aldian horrenbeste salatu dituen Rajoyren murrizketa politikei babesa eman eta jarraipena egingo bailioke.