Gipuzkoako Aldundiak bere egin ditu Marotoren tesi arrazistak
Sindikatuak gogoratu du DSBL noiz sortu zen: EAJk eta PSE-Eek onartu egin zuten Patxi Lopezen gobernuak erabakitako diru-sarrerak bermatzeko errentaren (DBE) erreforma. Besteak beste, erreforma horrek murriztu egin zuen errenta jasotzeko aukera, esaterako EAEn hiru urte baino gutxiago zeramaten bizikidetza-unitateei ukatu egiten zitzaielarik. Erreforma egin arte errenta hori jasotzeko baldintza urtebetez erroldatuta egotea zen. Beraz, DSBL murrizketa leuntzeko neurri partzial bat izan zen.
ELAk nabarmendu nahi du Gipuzkoako Aldundiak bere erabakia justifikatzeko erabili duen diskurtso xenofobo eta arrazista. Herritarrei sinestarazi nahi izatea gizarte-prestazio honek dei-efektu bat piztu duela (Aldundiko webgunean esaten denez, “Gipuzkoan migrazio isuri artifiziala eragin” omen du) oso larria da, eta gainera gezurrezko argudioa erabiltzen du. Marotok diskurtso berbera baliatu zuen DBE murriztea eskatu zuenean.
Datuak argigarriak dira: Gipuzkoan erroldatuta dagoen biztanleriaren %6,5 baino ez da “atzerritarra” (hots, espainiar estatutik kanpo jaioa), estatuko batez besteko maila (%10) baino askoz apalagoa, baina baita Arabakoa (%8) edota Nafarroakoaren (%13,5) azpitik ere.
Gipuzkoan immigranteek eta errefuxiatuek bizi duten egoera larriarekiko elkartasun sentipena agerikoa da; ukatu egiten dira gobernu europarren mugak ixteko eta oinarrizko giza-eskubideak gutxiesteko politikak… Bada, une honetantxe Gipuzkoako Aldundia herritarrak lotsarazten dituzten agintarien alboan kokatu da, laguntzak murriztu dizkiolarik gizarte-prestazioen behar gorria duen kolektibo bati.