“Inoizko sindikazio tasarik altuena dugu”
Afiliazioari dagokionez Amaia Muñoak nabarmendu du ELA bere historiako sindikazio tasarik altuena duelarik heltzen dela XIII. Kongesu Konfederalera. “Azpimarratu beharreko lehenengo datua da 105.312 afiliatu garela. Horrek esan nahi du aurreko Kongresuan baino 4.006 afiliatu gutxiago ditugula, %3,66. Dugun afiliazio kopuru altua oso kontutan hartzeko gauza da. Denok dakizkigu sufritzen ari garen abagune ekonomikoaren ondorio kezkagarriak. Azken lau urteetan, Kongresuen arteko epeaz mintzo garelarik, 127.500 lanpostu galdu dira Hego Euskal Herrian. Agerikoa den bezala, enplegu suntsiketa honek ondorio oso zuzena izan du afiliazioan. Ezin liteke bestela izan, kontutan hartzen badugu gurean lanean ari diren pertsonen kopurua %12,13 jaitsi dela azken lau urteetan. Lanpostuen horren suntsiketa basatiarekin gure sindikatuak afiliatzeko egin duen dugun ahalegina oso positiboa izan da. Lan horri esker eta ekonomiari dagokionez azken urteetako abagunerik okerrenean egon arren, inoizko sindikazio tasa altuena izatera heldu gara, %10,34. Honek zera esan nahi du: lanean diharduen soldatapeko langileen artean %10,34a ELAn afiliatuta dago. Aurreko Kongresuarekin alderatzen badugu, kopuru hori %7,26 handiagoa da.
Hauteskunde Sindikalei dagokionez, Muñoak azpimarratzen du azken lau urte hauetako balantzea positiboa dela ELArentzat. “Hauteskunde Sindikalen epe trinkoa hazkunde txiki batekin bukatu genuen eta ordutik ona jaitsiera txiki bat izan dugu. Dezimak alde batera utzita, zera esan dezakegu: Hego Euskal Herrian, krisi garaian ere, kontra-botereko eredu sindikala da ordezkaritzaren gehiengo zabala duena; hau da langileen gehiengoak aukeratzen duena bere burua defendatzeko. Ondorio gisa esan genezake, eredu sindikal honen baliagarritasuna berresten dela”.
“Urte batzuk dira dagoeneko, batzuk espero zutena ez dela gertatu. Patronal eta gobernu desberdinen kalkulua zera zen: kontra-botereko sindikalgintza herri honetako gehiengoa izateari utziko ziola eta gure ordezkaritzaren gainbehera hasiko zela. Ba hemen ditugu datuak: ELAk %35eko ordezkaritza du Hego Euskal Herrian; Nafarroan %21,3 eta EAEn %39,6”.
Azkenik Amaia Muñoak gure sindikatuaren finantza-autonomia azpimarratu du. “Beti aipatzen dugu, baina ezinezkoa da proiektu independente eta autonomo bat garatzea autonomia ekonomikorik ez baduzu. Puntu honetan ere datuak positiboak dira. Diru sarrerei begiratuta, kuoten pisuaren bilakaera gero eta handiagoa da. Gure sindikatuak ingresatzen duen diruaren %88,9a kuoten bidez ingresatzen du. Honek egiten duena da gure finantza-autonomia %90aren langa gainditzea. Aurreko Kongresuan eman genituen datuei begiratzea komeni da arlo honetan ere. 2008an kuoten bidez %85,7a jasotzen genuen. Bilakaera positibo honek etorkizunean baikorrak izatea eta egungo eredu sindikalean jarraitzeko indarra ematen digu”.