INDUSTRIA ETA ERAIKUNTZA

“Aurreko kongresutik 251 greba deitu ditugu”

2025/10/28
“Aurreko kongresutik 251 greba deitu ditugu”
Unai Martinez, Industria eta Eraikuntza federazioko idazkari nagusia

Unai Martinez Industria eta Eraikuntzako idazkari nagusiak aitortu du ilusioz gainezka iritsi dela kongresura. Ilusioz beteta, azken urteotan egindako lan onarengatik, Federazioaren osasun onarengatik eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko gogoz dagoen egitura eta oinarri sindikala izateagatik.

Industria eta Eraikuntzaren aurreko kongresua 2022ko ekainean egin zen. Zer balantze egiten duzu tarte horretan egindako lanaz?

Azken urteak gauza desberdinek markatu dituzte. Negoziazio kolektiboa oso indartsua izan da. Aurreko Kongresutik gure federazioak 251 greba deitu ditu. Gatazka honek hitzarmenak berreskuratzea eta azken urteetan ezagutu ez ditugunak bezalako akordioak sinatzea ekarri du. Negoziazio kolektibo aktiboak lan-baldintzak hobetzen ditu.

Egoera hori posible izan da oso barne motor garrantzitsua dugulako. Aurrekoan baino afiliatu gehiago dauden Kongresura goaz. Enpresen itxierak eta plantillen doikuntzak jasan behar izan ditugun testuinguruan afiliatu gehiago ditugu. Hauteskunde sindikaletan ere gora egin dugu. Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan lehenengo sindikatua gara. EAEn ia 20 puntuko aldea dugu hurrengo sindikatuarekiko, eta Nafarroan lehen sindikatua gara. Ordezkari gehiago ditugu, eta ordezkaritzaren ehunekoa ere handiagoa da.

Azpimarratzekoa da emaitza horiek aurkakotzat jotzen duzun testuinguruan lortu direla.

Bai, ezabatu ezin izan ditugun eta gure jarduera sindikala zailtzen duten oso elementu negatiboak daudelako oraindik. Gaur egun, kaleratzea eta enpresen itxiera errazten duten legeek indarrean jarraitzen dute. Mariano Rajoyk bultzatutako erreformak indarrean jarraitzen duen bitartean, enpleguaren aldeko borrokak eta enpresen itxierak protagonista izaten jarraituko dute.

Eta hor uste dut ondo erantzun dugula. Erreferentea gara enpresek kaleratzeak egiteko orduan zailtasun gehiago izan ditzaten. ERE eta Lehiaketa taldeak, federaziotik koordinatuta, asko eman digu, hurrengo gatazkari begira eraginkorragoak nola izan ikasteko aukera, besteak beste. Enpresetako aholkularitzek badakite ELAk pisua duenean edo gehiengoa denean itxiera askoz zailagoa dela.

Gainera, ezin dugu ahaztu benetako industria-politikarik ez dagoen lurralde batean ari garela sindikalismoa egiten. Euskal Herriko politika industriala propaganda hutsa da eta askotan bizitzarekin bateraezinak diren jardueren aldeko apustua egiten da. Etorkizuna pertsonak hiltzeko arma gehiago ekoiztea bada, ez dugu partekatzen.

Europar Batasuna Estatu Batuen mende dago. Europako proiektua eta diru publikoa arma gehiago ekoiztera bideratuta daudela dirudi. Enpresetan kezka dago egiten dugunaren, norentzat eta zertarako egiten dugunaren inguruan. Adibide bat Palestina da. Argi daukagu harreman guztiak hautsi behar direla Israelgo estatu genozidarekin.

Kongresuak aurrera begira oinarriak jartzeko ere balio du. Zeintzuk dira erronka nagusiak?

Egin ditugun gauza askorekin jarraitu behar dugu. Adibidez, salatzen jarraitu behar dugu enpresentzat diru mordoa sortzeaz gain eraikuntzaren arloan jendea esplotatuz jarraitzen duela eraikitzen. Eraikuntzako langile horietatik asko etorkinak dira.

Estatalizazioaren aurka aktiboak izan gara, Kimikako hitzarmenean edo Nafarroako Kontserben hitzarmenean bezala, eta etorkizunean ere bide beretik jarraitu beharko dugu. Balantzea oso positiboa da, baina argi dago erronkak geratzen direla. Eta prekarietatearen aurkako borrokak izan behar du ardatz egituratzailea.

Gero, barne mailan ere, erronka pila bat ditugu. Ezinbestekoa da ikuspegi feministarekin bat egitea, oso federazio maskulinoaz ari garelako. Emakume ordezkarien protagonismoa bultzatzen jarraitzea lehentasuna da. Laneko osasunean, Bidelagun Fundazioarekin batera, laneko heriotzek dakarten dramarekin lotutako gauza berriak egiten ari gara. Eta industria bizitzarekin eta ingurumenarekin bateragarri egingo duen benetako trantsizio ekosozialaren alde ere lan egin behar dugu.

Erronka horiek ez lirateke posible izango antolaketarako dugun kulturarik gabe, sindikalizazioan, ordezkariak ahalduntzean... egiten dugun lanik gabe. Antolaketa-lan hori gabe ez dago ezer.

Eraginkorragoak izateaz hitz egiten duzu. Nola?

Barne mailan bi gauza azpimarratzen ditugu. Eraginkorragoak eta koherenteagoak izan behar dugu. Boterea eraiki behar dugu eraginkorrak izateko. Ondo dago esatea: ‘prekarietatearen aurka nago’, ‘aberastasuna banatzea nahi dut’... Baina gero indar nahikorik ez baduzu, enpresek nahi dituzten parametroetan sartuko zara. Eta koherenteak ere izan behar dugu: ELAk eduki onak dituzten hitzarmenak bakarrik sinatzen ditu.

Batez ere hitzarmen sektorialetan ikusten dugu sindikatu batzuk eskaera batzuekin hasten direla negoziatzen eta gero beste muturrean bukatzen dutela, sinatutako edukiak positibotzat joz. Batzuetan hitzarmen asko ez sinatzea leporatzen digute, baina ezin digute koherentziarik eza leporatu: ELAk sinatzen badu, hitzarmen ona delako da, eta sinatzen ez badu, oso, oso, oso zaila da hitzarmen ona izatea.

Batzuetan berbena egoerak bizi ditugu. Batzuek oso hitzarmen txarrak sinatzen dituzte, eta gero kristonak balira bezala saltzen dizkizute. Bizkaiko Metalaren hitzarmena adibide ona da. Sinatzaileek gauza zoragarri gisa saltzen dizute, oso eskasa denean. Eta gero, sinatzaile horiek beraiek ez dizute sinatzen Gipuzkoan, hitzarmen txarra dela esaten dutelako.

Zerbait hobetu badugu, eta uste dut tematzen jarraitu behar dugula, hitzarmenen aurretik afiliatuek parte hartzea da. Ezinbestekoa da parte-hartze hori, helburuak markatzea. Eta gero horiek betetzea. Zertarako nahi ditugu helburu jakin batzuk, gero desagertzen badoaz eta azkenean negoziazioaren hasieran sekula sinatuko ez zenituzkeen edukiak ontzat ematen badituzu?

Lanik ez da faltako...

Bai... Erronka asko ditugu, eta argi dago negoziazio kolektiboa azken urteetakoa bezain zorrotza izango dela. Lortzen dugun hitzarmen bakoitza irabazi dugun errespetuan edo konfrontazioan oinarritzen da. Ez dago besterik. Patronalak irabazten duzuna bakarrik ematen dizu. Azken urteetan etekin handiko egoerak ikusten ari gara eta gero aberastasun hori banatzea eztabaidatzen zaigu, eta hori ez da duina. Genero berdintasunean aurrerapen esanguratsuak lortu behar ditugu, eskala bikoitzak eta gazteek jasaten duten diskriminazioa saihestuz. Gure militantziaren eskutik lortuko dugu, hori bai, ez gara aspertuko...