Gasteizko Udalak garraio publikoa okertu du eta langileak egin ditu horren erantzule
ELAk azpimarratu du gaueko zerbitzua ez emateko erabakia EAJ-PSErena baino ez dela, eta ez duela zerikusirik hitzarmenaren baldintzekin, ezta langileekin ere. Gauzak horrela, ELAko atal sindikalak zerbitzuen % 100 berehala berreskuratzea eskatu du, adostutako eta indarrean dagoen hitzarmen kolektiboan jasotako lan-baldintzekin.
Tuvisako langileek hilabeteak daramatzate zerbitzu guztiak % 100ean berraktibatzeko eskatzen, Gautxori barne, pandemiak eztanda egin aurretik eskaintzen zen zerbitzuari berrekiteko. Hala egin dute dagoeneko Bilbon edo Donostian.
ELAk gogorarazi du Tuvisako hitzarmena 2014tik aplikatzen dela eta zazpi urte hauetan ez dela eragozpen izan gaur egun ematen den zerbitzua baino kalitate hobekoa emateko. Gainera, 2019ko maiatzaren 3an, Gautxori autobus zerbitzua handitzeko akordioa sinatu zen.
Era berean, Tuvisaren 2020ko balantze ekonomikoak gutxieneko defizita izan du. Gainera, enpresak 2,8 milioi euro jaso ditu Europako funtsetatik, pandemiak iraun duen bitartean izandako bidaiari galeraren ordainetan. "Argi dago ez dagoela arazo ekonomikorik garraio zerbitzu guztiak % 100ean berreskuratzeko", gaineratu dute.