Enpresak ez ditzala mutualitateak kontratatu kontingentzia arrunten kudeaketa egiteko, exijituko du ELAk
Adolfo Muñoz Txiki”, idazkari nagusiak eta Leire Txakartegi eta Leire Heredia, arlo honetako arduradunek, Mutualitateek gero eta eskumen gehiago metatu dituztela, batez ere kontongentzia arruntak kudeatzeko orduan, salatu dute.
Azken erreformek (lan- eta pentsio-erreformek) egiaztatu baino ez dute egin mutualitateen boterearen eta kontrolaren gorakada. Hona hemen gaur egun dituzten eskumenak, beste batzuen artean:
- Kontingentzia profesionalak kudeatzea —osasun- eta farmazia- prestazioak ematea, prestazio horiek izapidetzea eta ordaintzea, eta abar—.
- Kontingentzia arrunten gaineko kontrola (zitazioak, errehabilitaziorako diagnosi-probak proposatzea, diru-ondorioetarako alta-proposamenak).
- Bonus-a kudeatzea, Gizarte Segurantzaren kotizazioak beheratzea.
- Haurdunaldian eta edoskitzaroan bitartean dagoen arriskuagatiko prestazioa kudeatzea.
Halaber, pribatizatzeko prozesu honek, gero eta ahalmen gehiago pilatu eta interes korporatiboak defenditze aldera, mutualitateetako langileei ere eragiten die. Badira onartu ezineko jarrera pertsonalak eta jokabide desegokiak, baina salatu beharra dago lan-baldintzak murrizten ari zaizkiela, gero eta presio handiagoa jasaten dutela lanean eta helburuen arabera ari direla. Ondorioz, ematen den zerbitzua gero eta okerragoa da, eta honek langile-klasearen osasuna arriskuan jartzen du.
Infraaitorpena eta negozioa
ELAren ustez, Mutualitateek ez dituzte lanekotzat jotzen lan-istripu eta gaixotasun profesionaletako asko. “Lazgarria da Hego Euskal Herrian hori gertatzea. Mutualitateek sarritan errekurtsoa jartzen dute Gizarte Segurantzaren beraren gaixotasun profesionaleko ebazpenen aurka. Eta gaixoak ez du besterik gaia auzitara eramatea baino ”.
Mutualitateek lehentasuna ematen diote beren negozio pribatuari; eta legez dagokien eginkizun publikoa, alegia, enpresa elkartuetako langileen osasuna zaintzea alde batera uzten dute. Jokaera irregular horren ondorioz, Estatu Espainoleko mutualitateek diru-sarreren eta gastuen artean duten diferentzia metatua 5.000 milioi eurokoa izan da 2010ean. Eskandaluzkoa da. Herri Kontuen Epaitegiak berak ondoko ondorio hau atera zuen (2009ko 829 zk.ko txostena): “Mutualitateen kudeaketa eta kontratu-praktikak ez datoz bat objektibotasun- eta gardentasun-printzipioekin, nahiz eta estatuko arlo publikoko erakundeek printzipio horiei atxiki behar".
Esan gabe doa mutualitateek onartu gabe uzten duten guztia osasun-sistema publikora doala, hots, herritar guztiok zergen bidez eusten diogun sistema publikora. Arestiko azterlan batek dioenez, mutualitateek onartzen ez dituzten lan-jatorriko gaixotasunak artatzeak 106 milioi euro inguruko gastua dakarkio osasun-sistema publikoari, EAEn bakarrik (ez daukagu Nafarroako daturik).
Langileentzako ondorioak
Mutualitateek egin ohi dituzten gehiegikeriak askotarikoak dira:
- Lan-istripuak eta gaixotasun profesionalak halakotzat ez onartzea, eta langile horiek osasun-sistema publikora desbideratzea.
- Aldi baterako ezintasunaren kontrola: alta desegokiak emanda langileak lantokira itzularazten dituzte, oinarri sendorik gabeko tratamendu medikuak agintzen dituzte, betiere helburu batekin: prestazio ekonomikoak ahalik gehien murriztea.
- Haurdunaldiaren barruko arriskua ez onartzea, arriskuaren jatorriaz ikertu gabe eta sarritan baja arruntera desbideratuz.
- Enpresen BONUS-a mutualitateek izapidetzea, "enpresen kostua” murrizteko asmoz; baina mutualitateek, aginduzko galdera-sortak betetzean, ez diete apenas uzten prebentzio-ordezkariei esku hartzen.
- Mutualitateek eta prebentzio-zerbitzuek elkar hartuta jokatzean langilea babesik gabe geratzen da.
Enpresak mutualitatearekin gaixotasun arrunten kudeaketa kontratatzen duenean, zerrenda horri gehitu beharko litzaioke baja horien kontrolak dakartzan ondorioak. Kasuotan mutualitateak etengabeko presioa eragiten dio beharginari (behin eta berriz derrigorrezko hitzorduak ematen dizkiote, alta ematea goizegi proposatzen da...); horrela osasun-sistema publikoaren egitekoetan esku-hartze onartezina egiten du.
Madrilgo elkarrizketa sozialeko Mahaiaren azken akordioa
CCOOek, UGTk eta Espainiako patronalak elkarrizketa sozialeko mahaian iritsi duten akordioak areagotu egiten du osasun-sistema pribatizatzeko joera, eta langileen indefentsio egoera larritzen du, ELAren iritziz. Hain zuzen, akordioa Gobernuari jakinarazi diote, beronek mutualitateei buruzko arauak honako oinarrien gainean ezar ditzan:
a) Langileen osasunaren zaintza hobetu eta enpresen lehiakortasuna hobetzen lagundu. Hau garatzeko honakoa proposatzen dute:
- Enpresei pizgarriak ematea laneko arriskuen prebentzioa hobetzeko.
- Aldi baterako ezintasuna kudeatzeko berariazko programa, ezaugarri hauekin:
- Mutualitateen lankidetza INSSekin eta osasun-zerbitzu publikoekin, prozesuak kontrolatu eta laburtze aldera.
- Aldizkako eta neurtzeko moduko helburuak ezartzea, kudeaketaren hobekuntzari dagokionez.
- Kudeaketa hobetu eta zama burokratikoak murriztetik egin daitezkeen aurrezkiak enpresa mutualistei banatzea.
b) Mutualitateen zuzendaritza-organoetan ordezkaritza gehieneko enpresario-elkarte eta sindikatuen parte hartze eragingarria sustatzea.
c) Absentismoa neurtzeko ratio bat erabakitzea, arlo publikoan zein pribatuan, arrazoirik gabeko absentismoa ezabatze aldera.
Horren guztiaren ondorioak:
- Mutualitateek eskumen handiagoak izango dituzte kontingentzia arrunteko aldi baterako ezintasuna kudeatzerakoan.
- Osasun-sistema publikoaren sistema pribatizatzeko joera areagotzea. Honetarako mutualitateen eta INSSen arteko lankidetza aipatzen da.
- “Enpresen lehiakortasuna”ri lehentasuna ematea, hots, absentismoari eta bajei jazartzeko helburuan laguntzea. Hori guztia ez dator inola ere bat ustezko helburuarekin (“langileen osasunaren zaintza hobetzea”).
- Bajak eta hauen iraupena murrizte aldera zenbakizko adierazleak definitzea. Hots, ekonomiaren irizpidea osasunaren gainetik jartzen da.
- Atea irekitzen zaio “kudeaketa hobekuntza” medio lortutako aurrezkiak enpresengan eragina izan dezaten. Agian gizarte-kotizazioak murrizteko aukera daukate gogoan?
- Halaber, “enpresentzako pizgarriak” aipatzen dira laneko arriskuen prebentzioa hobetzeko, hots, legea bete dezaten.
Horrenbestez, elkarrizketa sozialeko mahaian dauden sindikatuek berriro aukera eman nahi diote mutualitateek ahalmen handiagoak bereganatzeari, antza erakunde hauetako zuzendaritza-juntetan parte hartzearen truke.
Ez dugu uste parte hartze handiago horrek eragin berezirik izango duenik, ezta ondorio onik ere. Esparru honetan botere instituzional handiagoa lortu nahi dute. Egin beharreko galdera litzateke ea parte hartze hori zertarako nahi duten.
Mutualitateen zeregina salatzeko kanpaina
ELAk urtarrilaren 25an Bilbon egingo duen manifestazioarekin ekingo dio Mutualitateen aurkako kanpainari. Hitzaldiez gain milaka eskuorri banatuko ditu Mutualitateen jardunbide okerrak eta langile-jendearen osasunaren konturako negozioa salatu eta gizarteratzeko..
Era berean, negoziazio kolektiboan exigituko du enpresak ez ditzala mutualitateak kontratatu kontingentzia arrunten kudeaketa egiteko.
Dei egiten die EAEko eta Nafarroako gobernuei politika publiko egokiak garatzeko, hurrengo helburu hauek lortze aldera:
- Gure osasun-sistema (Osakidetza eta Osasunbidea) publikoa eta osotasunezkoa izaten jarraitzea, prebentzioa eta osasun-kalteak konpontzea barne hartuko dituena, bai lan egin bitartean, bai lanetik kanpo, eta langileak zein langabeak berdin babestuko dituena.
- Gure herrian diharduten mutualitateen gainean behar bezalako kontrola egitea.
- Hego Euskal Herrian diharduten mutualitateek lortzen dituzten soberakinak berriz hona itzultzeko eskatzea; diru-funts horien zertarakoa hemen —gure esparruan— erabaki ahal izateko.