Gipuzkoako Papergintza alorreko hitzarmenaren negoziazioan Adegiren jarrera mugigaitza salatu dute ELAk eta LABek
ELA eta LAB sindikatuen agiria :
Gipuzkoako Papergintza hitzarmeneko negoziazioak duela 9 hilabete hasi ziren; hilaren 13an bilera izan da berriro. Adegik agindu zuen hitzordu honetan plataforma sindikalei erantzuna emango ziela, eta horregatik atzeratu zen bilera egiteko eguna.
Bada, oraingoan ere Adegik ez du proposamen idatzirik mahairatu.
Hitzarmen honetan ELAk eta LABek, ordezkaritza sindikalaren bi heren dugularik, plataforma bateratua adostu dugu, eta honek bi zutabe ditu:
-
Negoziatu beharreko gaiak eguneratu eta hobetzea: soldatak, oporraldiak, mutualitateak, lanaldia, etab.
-
Erreformaren aurkako klausulak. Gaur enpresek alde bakarreko erabakiz, erreforma laboralei esker, aukera izango lukete NON-STOP itunak ez aplikatzeko. Horregatik, formula berri bat landu dugu, soilik Gipuzkoako papergintzan aplika daitekeena: enpresa bakoitzaren sinadura eskatzen du, Hitzarmen probintzialeko Negoziazio-Mahaian, gure baldintzak benetan blindatuta gera daitezen, eta ez enpresa bakoitzaren nahieran.
Adegik ez du honetaz hitz egin nahi. Orain arteko bederatzi bileretan izoztea edota puntu erregresiboak proposatu ditu. Gaur negoziazio amaiera eraman nahi izan du funtsezko gai bat: lan-baldintzak aplikatuko direla bermatzeko artikuluak.
ELAk eta LABek aurre egin diogu horri. Ezin dugu luzamendutan ibili. Patronalari galdegin diogu idatzizko proposamen bat ekar dezala, erreibindikazio guztiei buruz erantzuteko.
Urriaren 21ean berriz bilduko da negoziazio-mahaia. Behar diren erabakiak hartuko ditugu patronalaren jarrera mugigaitza aldarazteko. Aplikazio-bermeak dituen hitzarmen on bat lortzearren mobilizazioa beharrezkoa izango da; hartara, datozen egunetan sektoreko enpresetan asanbleak egingo ditugu.