Espainiako Gobernuaren proposamenak eremu publikoko milaka aldi baterako langile kaleratzeari atea irekitzen dio #KontsolidazioaOrain
Gobernuak mahaira ekarri duen testuaren edukiak:
- Langile publikoen birjartze-tasak inposatzen ditu. Ondorioz, espainiar Estatuak aurrerantzean ere, gure herrian behar ditugun langileen kopurua inposatzen eta mugatzen jarraituko du.
- Urte askotan zerbitzu publikoak aurrera atera dituzten aldi baterako milaka langile kaleratzeko aukera ematen du.
* Montororen egonkortze-prozesuei eusten die, nahiz eta agerikoa den ez dutela ezertarako balio.
- Gainera, aldi baterako enpleguaren abusua pairatu duten langile hauei ez zaie bermatzen lan-poltsetan sartzeko aukera, ez eta urteko 20 eguneko kalteordaina ere.
- Ez da proposatzen benetako neurririk ekiditeko etorkizunean egungo aldi baterako enplegu-tasak, enplegu suntsipena eta arlo publikoaren pribatizazioa berriro gerta ez daitezen.
- Gobernuarentzat osasuna eta hezkuntza bigarren mailako kontuak dira, urtebete ere atzera baitezake neurriok hartzeko erabakia.
Honek guztiak eragin ditzakeen ondorio larriez gainera, Gobernuak gabezia demokratiko larriak dituen salbuespenezko bide batetik jo nahi du,: Errege-Lege Dekretua.
ELAren ustez onartezina eta ulergaitza litzateke, estatuko sindikatuek Estatuaren proposamen hori ontzat ematea, izan ere, milaka langile publiko kaleratzea ekar baitezake, eta arlo publikoaren pribatizazioa areagotu. Gainera, ontzat emango lukete hau gauzatzeko Errege-Lege Dekretuaren bidea.
Aurkeztu diguten testuan ez da ELAk egindako eskarietatik bakar bat ere aintzat hartu.
Honakoak ziren:
- Madrilen ezarritako birjartze-tasak behingoz desagertzea, enplegu publikoa sortu eta dagoeneko pribatizatuta dauden zerbitzuak publifikatzeko.
- Euskal administrazio guztietan enplegua kontsolidatzeko prozesuei ezarritako oztopoak kendu, enplegua bermatzeko EAEn eta Nafarroan behin-behinekotasuna pairatzen ari diren 70.000tik gora langileei.
- Neurriak hartzea egungo egoera errepikatzea ekiditeko; hau da, bermatu zerbitzu publikoetan enplegu eta langile publiko egonkorrak izango direla.
- ELAk euskal instituzio eta alderdi politikoei galdegiten die ez dezatela babestu Lege hau beren botoarekin; autogobernu ahalmenean injerentzia larria ez ezik, arlo publikoan diharduten milaka langileren kaleratzea eragin dezakeelako. Gainera, Gasteizko eta Iruñeako gobernuei galdegiten diegu testua errekurritu dezaten, baldin eta Estatuko Gobernuak Lege-Dekretuaren bidetik onartuko balu.
ELAk mobilizazioa bultzatuko du benetako kontsolidazioa lortzeko arau-aldaketen alde. Horregatik premiazko bilera batera deitu ditu astelehenerako, uztailak 5, EAEko arlo publikoan egin zen greban parte hartu zuten sindikatuak. Halaber, harremanetan dago bitarteko langileen beste kolektibo batzuekin mobilizazioak adosteko lege hau aurrera atera ez dadin.