Generoak eta klaseak mugikortasuna zeharkatzen dute
Bakoitzaren egoera sozioekonomikoaren arabera ibilgailu pribatu bat izan dezakegu edo ez. Horrek gure mugitzeko modua aldatzen du. Dirusarrera altuagoko pertsonek ibilgailu pribatuaren erabilera handiagoa egiten dute eta garraio publikoaren erabilera txikiagoa. Eta horrek beste ondorio batera eramaten gaitu: garraio publikoaren beharra klase kontua dela. Garraio publikoa gehien erabiltzen dutenak erosahalmen gutxiagoko pertsonak dira, eta ondorioz beraien urrats ekologikoa ere txikiagoa da. Gauza bera gertatzen da pertsona migratu eta emakumeen kasuan ere, ibilgailu pribatu gutxiago eta garraio publiko gehiago erabiltzen dituzte.
Garraioa eta Mugikortasun Jasangarriaren Ministerioak argitaratutako “Perspectiva de Genero en el Transporte y la Movilidad” txostenak baieztatzen du alde nabarmenak daudela emakumeen eta gizonen mugikortasun ereduetan, eta hauek kontuan izan beharko dira neurriak hartzerako garaian:
- Emakumeek zaintzari lotutako joan-etorri gehiago eta etapa gehiagotan (ikastetxea, erosketak, lana) egiteko joera dute, eta garraio publiko gehiago edo motorrik gabeko garraiobide gehiago erabiltzen dituzte.
- Segurtasunak, eta segurtasun ezaren pertzepzioak, emakumeen mugikortasuna gizonen mugikortasuna baino gehiago baldintzatzen du.
- EAEn 2021ean gizonezkoek modu motordun pribatuak (autoa eta motorra) erabili zituzten joan-etorrien %49an; emakumezkoek motorrik gabeko garraiobideak (oinez edo bizikletaz) erabili zituzten joan-etorrien %50,2an. Gainera, emakumeen joan-etorrien %69,3 udalerrian bertan egin ziren, hau da, gizonek baino %11 gehiago.
- Iruñerrian 2011n eskualdeko hiri garraioaren erabiltzaileen %76 emakumeak izan ziren.
Beraz, mugikortasunaren inguruko neurriak proposatzerakoan, kontuan hartu behar diren aldagaiak dira generoa eta klasea, ez baitigute era berean eragingo.