Gurutzetako ospitaleko zuzendariak uko egin dio autokontzertazio datuak emateari

2015/05/22
ELA sindikatuak salatu nahi du Gurutzetako Ospitaleko zuzendaritzak uko egiten diola ebakuntza aktibitateari buruzko informazioa emateari, aparteko ordu edo autokontzertazioarekin lotua dagoen kasuetan.

2014ko ekainetik aste honetara arte, behin eta berriro eskatu dugu sindikatu eta zuzendaritzaren arteko bileretan autokontzertazioari buruzko informazio guztia ematea. Bata bestearen atzetik egin ditugu eskaerak, baina erantzuna beti isiltasuna izan da.

Honen aurrean, Zuzendaritzaren borondatea bai langileek bai gizarteak informazio hau guztia ez ezagutzea dela ondorioztatu behar dugu, ez du nahi gizarteak bere zergak nola banatzen diren edo Osakidetzako giza-baliabideak eta baliabide materialak nola erabiltzen diren ezagutzea.

Eusko Legebiltzarretik jaso dugun informazio bati esker jakin dugu 2014 urtean Gurutzetako Ospitaleko autokontzertazioa hiru milioi euro ingurukoa izan zela. Zer zerbitzutan burutu da? Ze ebakuntza burutu dituzte orduz kanpo? Nola arrazoitu dituzte? Nork kobratzen du?

Osasun Sailburuak gastua murriztu beharra dagoela errepikatzen du eta enplegua suntsitzea horrela arrazoitu du, baina, hala ere, nahiago du aparteko orduetan 3 milioi euro ordaintzea 70 langile inguru kontratatzea baino.

Osakidetzaren betebeharra da bere baliabideak ondo kudeatzea eta dirurik ez xahutzea gizarteak eta langileok merezi dugun osasun sistema mantentzeko.

Eta, horrez gain, bere betebeharra da sindikatuoi gai hauei buruzko informazio guztia ematea.