ELAk hitzarmena berreskuratu du urteetako blokeoa gainditu ondoren
ELAk akordioa lortu du Cebek patronalarekin Bizkaiko Arte Grafikoen sektoreko hitzarmena berritzeko. Hitzarmena 2011tik iraungita zegoen. Sindikatuak, negoziazio mahaian gehiengoa duelarik (%52), oso balorazio positiboa egin du, eta azpimarratu du mobilizazioek eta grebek izan dutela akordioa lortzeko giltza.
Negoziazioak 2023an hasi ziren berriro. 2024an 12 greba egun egin ziren, aurrerapausoak eman baziren ere akordiorik lortu gabe. 2025ean ez zen patronalarekin jarrerarik hurbildu, baina 2026an mobilizazio ziklo berria abiatu zen, apirilaren 1era arte 11 greba egun eginez, horietatik 6 martxoan. Greba horiek erabakigarriak izan dira negoziazioa desblokeatzeko.
2026-2027 urteetarako indarraldia izango duen hitzarmen berriak honako neurri nagusiak jasotzen ditu:
-
%19,53ko soldata igoera 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera
-
KPIaren bermea 2027rako
-
Lanaldiaren 12 orduko murrizketa 2027tik aurrera (1.694 ordu)
-
ETT bidezko kontratazioa gehienez 6 hilabetera mugatzea
-
Erretiro partzialerako eskubidearen mantentzea eta eguneratzea
-
Hitzarmena ez aplikatzeko aukera mugatzen duen klausula, langileen ordezkaritzarekin adostasunik gabe
Horrez gain, hitzarmenak mantendu egiten ditu patronalak ezabatu nahi izan dituen eskubideak, hala nola aldi baterako ezintasun kasuetan %100eko osagarria edo antzinatasunaren ordainsaria mugarik gabe ordaintzea.
ELAk nabarmendu du antolakuntza sindikala eta borrokak —bereziki 2026ko grebek— ahalbidetu dutela hitzarmena berreskuratzea eta sektore osoaren lan baldintzak hobetzea.