Eskandalu hutsa da Iberdrolak zergarik ez ordaintzea ia 5.700 milioiko etekinak lortuta

2012/06/13
Bizkaiko Foru-Aldundiak aitortu du Iberdrolak Bizkaiko Ogasunari euro bat ere ez ziola ordaindu Sozietateen Zergari zegokionez, 2008an eta 2009an 5.681 milioiko etekinak lortu bazituen ere.

 

ELAk uste du injustua eta immorala dela halako dirutza irabazten duen enpresa batek zergarik ez ordaintzea. Honek agerian uzten du zerga-sistema enpresen eta kapitalaren neurrira eginda dagoela. Lanik gabe dagoen pertsona batek ogia erosten duenean Iberdrolak Sozietateen Zergan baino gehiago ordaintzea ezin da inola ere onartu.

ELAk salatu egiten du botere politikoak Iberdrolaren moduko enpresekiko duen zurikeriazko jarrera; agintariek pribilegiozko tratua ematen diete, omenaldiak egiten dituzte eta abantailak eskaintzen dizkiete, enpresen jarduera gizartearen onerako delako aitzakiaz. Haatik, zergarik ordaintzen ez duena ez da gizartearen onerako ari. Horregatik, ELAk agintariei eskatzen die ardura politikoak beren gain har ditzatela.

Badirudi agintari politikoak, hain zuzen Bizkaiko Aldundiaren ardura dutenak, oso pozik daudela Iberdrolak zergak ez dituelako ordaintzen; Sozietateen Zergaren egungo araudiarekin ere gustora daude. Bada, hori salatzearekin batera, ELAk gogora ekarri nahi du Iberdrolako presidentea Lehendakariaren Aholku-Batzordeko kide dela; Eusko Jaurlaritzaren buru denak azaldu egin beharko luke zer eratako gomendioak egiten dituzten zergarik ordaintzen ez dutenek.