Huyck Wangner-ek (Perot) kaleratze txosten berri bat aurkeztu nahi du
Enpresako lan batzordeak, kide guztiak ELAko kideak dira, enpresaren jarrera maltzurra salatu nahi du, beste behin ere:
Martxoaren 6ean, kaleratze gutunak iristear zirenean, multinazionalak EREa Eusko Jaurlaritzako Lan Ordezkaritzatik erretiratu egin zuen. Alta, erabaki hori ez zioten langileei ezta hauen ordezkariei azaldu. Informazioa hirugarren pertsonetatik iritsi zitzaien, eta honen egiaztapena arratsalderarte ez zuten izan, enpresaren abokatuari askotan deitu eta ondoren, honela jendartean zalantzak eta ziurgabetasuna orokortu zirelarik.
Gainera, arratsalde horretan bertan, enpresak komunikabideei zabaldutako prentsa ohar baten bidez jakin zuten multinazionalak beste ERE bat aurkezteko asmoa zuela. Hau da, beste behin ere, beste iturri batzuetatik jakin behar izan zuten multinazionalak PEROT-eko langileekin egin nahi duena.
ELAren iesanetan enpresak bidalitako prentsa oharrak baieztapen okerrak, erdizkakoak, eta batzuk zuzenean gezur galantak izan ziren. "Ez da egia multinazionalak “jarrera guztiz malgua” mantendu duenik, ezta ere “momentu oro ez zutenik inolako irtenbiderik ukatu”. Izan ere, bileren aktetan isladatzen den moduan, behin baino gehiagotan ukatu dute Euskal Herrian proiektu industrialarekin jarraitzeko aukerak aztertzea. Irtenbide horiek aztertu baino lehen ukatuak izan ziren. Prentsa oharrean esaten zuten ez zutela bestelako irtenbiderik aurkitu, baina gertatu dena izan da ez zituztela bilatu ere egin. Lan Ikuskatzaileak egiaztatu ahal izan zuen bezala, enpresaren planteamendua berdin-berdina izan da kontsulta epea hasi zenetik eta bukaera arte. Ukapena eta negoziatzeko borondate eza besterik ez dugu izan aurrean", dio.
ELAk argitu duenez "enpresak Eusko Jaurlaritzako Industria Zuzendaritzarekin egindako bilera langileak eskatu eta antolatutakoa izan zen, eta ez enpresaren borondate onaren ondorio. Gainera, esan beharra dago enpresak bilera horretara ez zuela inongo proposamenik eraman, bere jarrera inolako planteamendurik gabe diru-laguntzaren bat iritsiko zain geratzea izan zen, txeke txuri baten zain geratu izan balitz bezala".
Prentsa oharrean azaltzen dute ERE berri bat aurkeztu nahi dutela, “langileei beharrezkoa ez den ziurgabetasun egoera ez sortzeko” eta “galerak sortuko lituzkeen egoera bat ez eragiteko, honek legeak ezartzen dituen indemnizazioak ordaindu ahal ez izatea ekarri lezakeelako”. Honen inguruan, esan langileek presionatzeko tresna gisa erabili dutela, eta gainera gezur galantak direla, izan ere, alde batetik, ziurgabetasuna orain egiten ari direnarekin sortzen ari bait dira – gogoratu oraindik ez dakigula ostegunean zein planteamendu aurkeztuko duten -, eta bestalde, XERIUM bezalako multinazional batek, mundu zabalean lantegiak dituena eta milaka langile dituena, beti ahal izango du, ez bakarrik indemnizazio duin batzuk ordaindu, baizik eta beharrezkoak diren inbertsioak egin ahal dituela, proiektu industrialak Euskal Herrian jarraipena izan dezan.
Bukatzeko, bistakoa den galdera bat sortzen zaigu: Prentsa oharrean esaten duten moduan, ERE berri bat aurkezteko arrazoi objektiboak bere horretan baldin badaude, eta gainera, enpresak beti jarrera malgua agertu baldin badu: Zergatik kendu dute orduan aurkeztutako ERE-a? Gauza batzuk ez dute azalpen askorik behar.
Multinazionalak langileak banatzeko eta itxaropenak zapuzteko saiakera asko eginagatik, PEROT-eko langileak borrokan tinko jarraitzen dute, euren etorkizuna eta eskubideak defendatzen. Horregatik, Greba Mugagabean jarraitzen dute, eta honekin batera eta gatazka konpondu arte, mobilizazio eta ekintza ugari egiten jarraituko dute.