ELAk Enplegu Sailburuari Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta legearen ale bat eman dio

2017/01/25
ELAk Enplegu Sailburuari  Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta legearen ale bat eman dio
Gaur goizean bilera bat izan da ELAren eta Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako sailaren artean. Bertan Adolfo Muñoz Txiki sindikatuko idazkari nagusiak Beatriz Artolazabal sailburuari Diru-sarrerak Bermatzeko Errenta (DSBE) legearen ale bat eman dio.

Lege hau 2008an Legebiltzarrak erabaki zuen, eta bere arabera familia guztiei bermatu egin behar zaie bederen Lanbidearteko Gutxieneko Soldataren (LGS edo SMI) %88ko diru-sarrera, kide bakarra dagoenean; portzentajea LGSaren %113raino gehitzen da bi bizikide direnean, eta %125eraino, 3 lagun edo gehiago diren kasuetan.

ELAk galdegin dio Eusko Jaurlaritzari 2008an onartutako legea bete dezala. Horretarako urtez urte aurrekontuetan ezarri den %7ko murrizketa bertan behera utzi behar da, eta 2017an erabaki den LGSaren %8ko igoera aplikatu.

Mikel Noval ELAko Gizarte-Politikako arduradunak esan duenez, “Jaurlaritzako kideek, Urkullu Lehendakariak barne, hedabideetan esaten dutena entzunda, antza ez dakite 2008an onartutako legea, baita aurrez zeuden legeek ere, DSBEaren zenbatekoa LGSaren baitan finkatzen dutela. Horregatik eman diegu legearen ale bat, baita exijitu ere bete dezatela.”

ELAk exijituko du jendearen eskubideak aintzat har daitezela. Novalek gogora ekarri du “orain daukagun gizarte-prestazioen sistema mobilizazio sozialaren emaitza da, eta agerikoa da mobilizazioari eutsi egin beharko diogula, aplikatzen ari diren eta aplikatzekoak diren murrizketak arbuiatzeko”.

Bileran sindikatuko ordezkariek jakinarazi diote sailburuari premiazkoa dela Lanbidek langabe daudenen eta gizarte-prestazioak jaso behar dituztenen beharrizanak asetzea. Miren Zubizarreta ELAko Lanbiderako arduradunaren hitzetan, “horretarako ezinbestekoa da erakunde honi behar beste giza-baliabide ematea eta enplegua egonkortzea”.