Enpresarien erasoa OIT/LANE sistemaren aurka

2012/06/13
Enpresarien erasoa OIT/LANE sistemaren aurka
Lanaren Nazioarteko Erakundea (OIT/LANE) eta Lanaren Nazioarteko Biltzarra urtero biltzen dira Genevan, hiru alderditako ordezkariak bidaliz. Eta aurten, lehenengo aldiz bi erakunde horien ibilbidean, ez da akordiorik lortu, langileen eskubideak urratu direneko 25 kasuak hautatzerakoan. Gai hori Arauak Aplikatzeko Batzordean eztabaidatzen da.

 

1926. urteaz geroztik Arauak Aplikatzeko Batzordeak LANEren nazioarteko hitzarmenen aplikazioa begiratu izan du. Urtero LANEren Adituen Batzordeak (Administrazio Kontseiluak izendaturiko 17 legelari independentez osaturiko organoa) txosten bat prestatzen du, gobernuetatik hitzarmen izenpetuei buruz bidalitako oroitidazkiak oinarri harturik. Eta txosten horretan, hitzarmenen bat urratzeagatik, agertzen diren kasuetatik 25 kasu hautatzen dira.

Aurten, lehenengo aldiz, Arauak Aplikatzeko Batzordea abian jarri zenetik, ez dira ados jarri, zerrenda osatzean, langileen alderdia eta enpresarien alderdia; eta beraz ez da eztabaidarik izan kasu bakar bati buruz ere. Enpresariek ez dute onartu nahi izan greba-eskubidea urratzea islatzen duen gertaerarik izan denik ere. Askatasun Sindikalaren eta Sindikatzeko Eskubidearen babesari buruzko 87 Hitzarmenak greba-eskubidea babesten ez duela argudiatu dute, eta Adituen Batzordeak hitzarmen horretaz egin ohi duen interpretazioa lerratia eta beti langileen aldekoa dela gehitu.

ELAren ustez enpresarien erabaki hori oso eraso larria da langileen eskubideen aurka, LANEren aurka, eta erakunde horretako ikuskapen-baliabideen aurka. Enpresariek urteak daramatzate erakundearen jarduna ahultzeko asmotan, eskubideen urraketarik larrienak ezkutuan gordetzeko, eta nazioarteko zaintza saihesteko. Greba-eskubidea, konstituzio eta nazioarteko itun askotan bermatzen bada ere, eragozgarria da enpresarien diruzalekeriarako; horregatik oraingo egoeran, gobernuen laguntzaz, lan-eskubideak eta negoziazio kolektiboa suntsitu ondoren, greba-eskubidea da haien hurrengo helburua.