Patronalek erreforma laborala aplikatzeko asmoari eusten badiote, metaleko borroka aste honek jarraipena izango du

2013/06/19
ELAk deitu duen borroka astea fruitua ematen ari da enpresetan. Langileen hautua argia da: Hitzarmen probintziala derrigor bete beharrekoa ez denez, ahal den erreferentziarik hoberena izatea nahi dugu; enpresa-hitzarmenak, berriz, erreformari aurre egiteko blindatuta egongo dira.

 

ADEGIk, CEBEKek, SEAk eta CENek uztailaren 7a dela-eta berebiziko garrantzia duen erabaki bat hartu behar dute: Erreforma laborala aplikatzeko asmoari eusten badiote, borroka aste honek jarraipena izango du, eta gatazka lan-merkatuan estrukturala bihurtuko da.

Erreforma laboralaren helburua da akordioak soilik alde batentzat, langileentzat, izatea derrigorrezkoak. Alde patronalak, berriz, hitzartutakoa nahierara saihets dezake; honek akordioekiko erabateko desleialtasuna sortzen du.

ELAren iritziz, hego Euskal Herriko patronalak hasitako lasterketa zoroa, lan-merkatua sutan jar dezakeena, berehala geldiarazi behar da. Jakina da enpresek merkatu eta finantziazio arazoak dituztela, baina lan-baldintzak txikitzeko kontsigna patronala hutsetik sortutako korapilo bat gehiago da, eta zentzuzko enpresek ez lukete bide hau aukeratu beharko.

Egunez egun gero eta lantegi gehiagotan ari gara erreformaren aurka blindatzen duten enpresa-hitzarmenak sinatzen. Gero eta enpresa gehiago ari da patronalaren asmoei bizkar ematen. Espero dugu patronalak bere jarrera aldatuko duela; bestela, orokorra izango da Gipuzkoako adinekoen egoitzetako sektorean bizitzen ari den egoera bitxia: ADEGIk aldarrikatzen dituenak enpresa batek ere ez ditu aintzat hartzen.