ELAk gaitzetsi egin du 36 langile Reinosako lantegira lekualdatzeko erabakia
Enpresa batzordearekin egindako aparteko bileran jakinarazi du enpresak erabakia. ELAren arabera, neurri honek urteetan zehar egon den inbertsio faltari jarraipena ematen dio eta, praktikan, 36 langileren ezkutuko kaleratzea dakar. ELAk salatu du erabaki hori kontraesanean dagoela enpresak azken urteotan lortutako milioika euroko irabaziekin eta banatutako dibidenduekin.
Azkoitiko langileek urteak daramatzate lan baldintzak okertzen dituzten neurriak jasaten: ABEEak, azken urteetan %10erainoko erosteko ahalmena galtzea, lanaldiak gehitzea, negoziazioa blokeatzea, xantaiak...
ELAk adierazi du arazoa ez dela lan falta, Azkoitiko plantan egindako inbertsio falta baizik. Gainera, enpresak lantokian ELA eta LAB sindikatuek duten gehiengo sindikala ahultzea bilatzen duela salatu du.
Egoeraren larritasunaren aurrean, ELAk Eusko Jaurlaritzako Industria Sailari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari esku hartzea eskatu die, industriaren lurralde-errotzea defendatzeko eta Azkoitiko plantaren etorkizuna bermatzeko.
ELAk iragarri du mobilizazioak indartuko dituela eta herritarrei dei egin die martxoaren 11n Azkoitian deitutako manifestazioan parte hartzeko.