ELAk salatu du arazo larriak sortu direla erreserba sistema zaharkituta dagoelako
ELAk salatu du Alavabus-eko erreserba sistema guztiz zaharkituta dagoela. Ondorioz, erabiltzaile askok, aldez aurretik txartelak erosi edo erreserbatuta izanda ere ezin dute bidaiatu, geltokira autobusa beteta iristen delako. Egoera hori onartezina da, garraio publikoa erabiltzeko oinarrizko eskubidea urratzen baitu. Gainera, eragin zuzena du autobus gidarien jardunean, lehen pertsonan jasaten dituztelako erabiltzaileen erasoak.
Arabako Foru Aldundiko Garraio Zuzendaritzarekin egindako bileretan egoeraren berri eman den arren, ez da epe laburrean inolako konponbiderik eskaini. Are gehiago, ELAk azaldu du ez dela bileraren aktarik helarazi, gardentasuna eta beharrezko elkarrizketa zailduz. Enpresek ere ez dute inolako neurri eraginkorrik hartu egoerari aurre egiteko.
Horren aurrean, ELAk erabaki du herritarrei informazioa ematea: une honetan ezin da bermatu Alavabuseko lineatan bidaiatzeko eskubidea, salmenta eta erreserba sistema ez delako operatiboa. Arabako Foru Aldundiaren eta enpresen esku-hartzea premiazkoa da. ELAk eskatu du sistema modernizatzeko eta kalitatezko zerbitzu publiko eraginkorra berma dadila, bai erabiltzaileentzat, bai zerbitzua posible egiten duten langileentzat.