ELAk bilera egin du Nafarroako lehendakari Uxue Barkosekin

2016/05/31
ELAk bilera egin du Nafarroako lehendakari Uxue Barkosekin
Gaur eguerdian ELAko ordezkaritza batek —Adolfo Muñoz, idazkari orokorra, eta Mitxel Lakuntza, Batzorde Eragileko Nafarroako arduraduna— bilera egin du Nafarroako lehendakari Uxue Barkosekin. ELAk agertu dio Uxue Barkosi bere kezka handia, negoziazio kolektiboaren estatalizazioak dituen eraginak direla eta: soldaten jaitsiera eta gizartearen pobretze orokorra.

Bilera ELAren eskariz egin da, eta horren xedea zen Nafarroako lehendakariari azaltzea zertan den Espainiako patronalaren, CCOOen eta UGTren estrategia, negoziazio kolektiboa estatalizatzeko. Eta estatalizazio horrek langile nafarren lan-baldintzetan dituen ondorio kaltegarriak ere erakutsi nahi izan dizkiote.

ELAk bere iritzia eman dio lehendakariari PSOEk eta PPk (beti ere UPNren babesarekin) onetsitako lan-erreformen funtsezko edukiei buruz. Izan ere, erreforma horiek, besteak beste, bide ematen diote estatuko negoziazio kolektiboari hitzarmenak edo hitzarmenen funtsezko alderdiak erreserbatzeko, eta beraz Nafarroako negoziazioetatik kentzeko. ELAren iritziz, aukera hori abantaila itzela da patronalaren esku. Hala da, errentagarriago gertatzen zaio patronalari ez negoziatzea, negoziatzea baino, eta negoziazio kolektiboan xantaia egitea, zeren denboraren poderioz hitzarmenen indarraldia eta aurrera-eragina agortzen dira, eta orduan sartzen dira indarrean, besterik gabe, estatu-mailako hitzarmenak, baleude, eta hauek ikuspegi objektibo batetik askoz txarragoak dira, bertakoak baino.

ELAk jakitera eman dio Uxue Barkos lehendakariari behin Espainiako Bankuak gomendaturiko, eta patronalak eskaturiko estrategia horren ondorioz soldaten gainbehera datorrela (lan-prekarietatea hedatzeko beste faktore bat gehiago), eta gainera Nafarroako gizartea gero eta pobreago bilakatuko dela.

ELAk Nafarroako Gobernua premiatu du ahalik eta esparru gehienetan ekimenak hartzera, Nafarroako negoziazio-eremuaren alde agertzeko, eta askatasun sindikala Nafarroan zaintzeko. Gure iritziz Nafarroako Gobernuaren helburuetako bat hau izan beharko litzateke: Nafarroan demokratikoki hautaturiko ordezkaritza sindikalak langile nafarren lan-baldintzak negoziatu ahal izatea, Estatuan egin litezkeen akordioen bidez askatasun hori mugatzerik edo ezarpen zein beto ezartzerik izan gabe.

ELAk ontzat jo du bilera, eta Gobernuaren eta sindikatuaren artean izan behar diren harremanen normaltasunean kokatu du.