Gunek manifestazioa deitu du martxoaren 3rako Bilbon, Goi Bilera Ekonomikoa dela-eta

2014/02/03
Gunek manifestazioa deitu du martxoaren 3rako Bilbon, Goi Bilera Ekonomikoa dela-eta
Gune plataforma osatzen duten sindikatu eta eragile sozialek hainbat mobilizazio antolatu dituzte datozen asteetako. Horien artean dago martxoaren 3an Bilbon egingo dena. Egun horretan patronalen, banketxe handien eta Nazioarteko Diru Funtsaren buruzagiak elkartuko dira Bilbon, egoera ekonomikoaren inguruko hausnarketa egiteko.

 

ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñozek gaur goizean adierazi duenez, "munduko zinikorik handienak elkartuko dira Bilbon, eta merezi duten harrera jasoko dute sindikatu eta eragileen aldetik”. Bere esanetan indarraz eta xantaiaz baliatzen dira prekarietatea eta pobrezia zabaltzeko munduan.

Gurean gero eta larriagoa eta handiagoa den arazo baten aurka borrokatzea: pobrezia. Hori da otsailean eta martxaoan zehar Gune plataforma osatzen duten sindikatu eta eragileek antolatu dituzten protesten helburua.

Otsaileko ostegunero mobilizazioak egingo dira; 6an Gasteizko Legebiltzarraren aurrean; 14an Lan Departamenduak Bilbon duen egoitzan; 20an Lanbidek Donostian duen egoitzan; 27an, berriz, hitzordua Iruñeako Parlamentuaren aurrean da. Martxoaren 3an protesta ekintza egingo da Bilbon, egun horretan antolatu den ekonomia foroaren bueltan. Martxoan bertan, 10etik 20ra mobilizazioak eskualdeetara zabalduko dira. Azkenik 22an bat egingo dugu Madrilen antolatu den Duintasunaren Martxarekin”.

Kanpaina honen leloa "Nos arrastran a la pobreza y a la precariedad. Euskal Herriak bere bidea" izango da.