Pertsonak zaintzeko lana funts-putre bati ematea da Nafarroako zaintza-ereduaren paradigma
Valle del Roncal zentroa da salatzen ari garen zaintza-ereduaren paradigma. Funts-putreek finantzatutako Domus VI enpresak kudeatzen du zentroa. Enpresa horren interes bakarra negozioa egitea eta etekinak lortzea da, langileen baldintzak prekarizatzearen eta erabiltzaileei zerbitzuak eta zaintzak eskastearen kontura.
Pandemiaren lehen olatuan 6 erabiltzaile hil ziren eta 22 kutsatu. Langileek ez zuten babes-neurririk izan, eta langileen artean 25 kutsatu ziren. Bigarren olatuan dagoeneko 15 erabiltzaile daude kutsatuta. Egoera kezkagarria da, eta 25 erabiltzaile beste zentro batzuetara bideratu dituzte, horietako batzuk zentro publikoetara, El Vergel esaterako.
Argi geratu da egoera zailtzen denean sistema publikoa dela, gabeziak izanda ere, irtenbide bat eman dezakeen eta estaldura handiagoa bermatzen duen bakarra.
Azaroaren 17ko grebak aldaketa historikoa bultzatu behar du sektore honetan, hurbiltasunean, kalitatezko tratuan eta pertsonen autonomiarekiko errespetuan oinarritutako zaintza publikoaren eredu bihurtzeko. Horretarako, ezinbestekoa da zaintzaren sektoreko profesionalen lan-baldintzak duintzea.