Palestinarentzat Justiziarako Europako Sare Sindikala

Genozidioan Europak duen konplizitatea nola salatu hausnartzen ari da ELA

2025/11/17
Genozidioan Europak duen konplizitatea nola salatu hausnartzen ari da ELA
ELA azaroaren 17an eta 18an Bilbon ospatzen ari den Palestinako Justiziarako Europako Sare Sindikalaren (ETUN) bileraren antolaketa eta harrera egiteko ardunadunetako bat da. Egun hauetan, ekintza bateratuen inguruan eztabaidatzeaz gain, sareko kideak Euskal Herriko Palestinarekiko elkartasun plataformekin bilduko dira.

ETUN Europako gobernuen eta EBren eta Israelen arteko konplizitatea salatzeko konpromisoa daukaten Europako 35 sindikatuk osatutako sarea da. Izan ere, ELA, bere sorreratik 2016an, sare horretako kide da. Galiza, Andaluzia, Herbehereak, Belgika, Irlanda eta Norvegiako plataforma sindikaleko kideak Bilbon bildu dira egunotan, ETUNek abian jarritako kanpainak ebaluatzeko eta Israelen okupazio eta genozidioarekin Europak duen konplizitatea salatzeko abian jarriko diren ekintza bateratuei buruz eztabaidatzeko.

Era berean, Palestinari laguntzeko lantokietan egin daitezkeen ekintzei buruzko eztabaidagune gisa balio du topaketak, baita langileek edo sindikatuek enpresei Israelgo estatu genozidarekin duten konplizitatea amaitzeko eskatzean izan ditzaketen zailtasunei aurre egiteko eztabaidagune gisa ere. Topaketa horri esker, sindikatuek beren herrialdeetan egindako ekintzen esperientziak partekatu ahal izango dituzte. Horien adibide bat Norvegiako sindikatuak dira, presioen bidez lortu baitute Norvegiako pentsio-funtsak okupazioarekin konplizeak diren enpresetatik desinbertitzea.

Hainbat herrialdetako sindikatu gonbidatuen presentzia aprobetxatuz, sarearen lanaren barne-plangintzaz gain, hainbat bilera egingo dira Euskal Herriko Palestinarekiko elkartasun plataformekin. Sindikatuak Gernika-Palestina herri ekimenarekin bilduko dira. Ekimen horrek sindikatuak, alderdi politikoak eta Palestinaren inguruko dinamika sozialak biltzen ditu. Halaber, bilera bat egingo da BDZ Euskal Herriko kideekin, abian diren kanpainei buruzko informazio eguneratua partekatzeko.